Enpresak

CAFek lortu du Renferen kontratua

37 tren egingo ditu Espainiako trenbide konpainiarentzat, 258 milioi euroren truke. Bombardierrek, berriz, trenen trakzio sistemak eraikiko ditu Trapagaranen, SNFCrentzat 

Bombardier etxeko tren bat. SAMUEL DOTHE / EFE
xabier martin
2020ko ekainaren 29a
11:31
Entzun

CAFek irabazi du Renferen aurtengo kontratu handietan lehenengoa. Bide estuko 31 tren egingo dizkio, eta zabalera arrunteko beste sei. Guztira, 258 milioi euro patrikaratuko ditu CAFek, aurten lortutako kontratu mamitsuenean.

Ibilbide estuko trenak Feve zenaren trenbideak baliatzen dituztenak dira. Halakoak dira Bizkaiko mendebaldeko bi linea (Bilbo-Balmaseda eta Bilbo-Karrantza), eta Bizkaiko hiriburua Santanderrekin eta Leonekin (Espainia) lotzen dituztenak.

Tren horietatik, 26 elektrikoak izango dira, eta beste bost, berriz, hibridoak (elektrikoa eta diesela).  Gehienez orduko 100 kilometroko abiadura hartuko dute trenek.

Gainera, Madrilen ibiliko diren aldiriko sei tren eraikiko ditu CAFek bere fabriketan.

Tren horien guztien mantentze lanak partekatuko dituzte CAFek eta Renfek. Zehazki, aldiriko seiak eta ibilbide estuko hamabi zaintzeaz arduratuko da Beasaingo konpainia.

Urteak zeramatzan Renfek bere trenak berritu gabe. 2016 amaierakoa da gaur arte azkena zen kontratua, eta Euskal Herrian lantegi bat duen konpainia batentzat izan zen, Talgorentzat.

Uste zenaren aurka, koronabirusaren krisiak ez du etengo Espainiako trenbide konpainia publikoaren inbertsio programa. Kontraturik handiena 2.756 milioi eurokoa da, aldiriko 211 unitate eraikitzeko eta haiek mantentzeko.

Joan den astean beste hiru kontraturen berri eman zuen, Amsterdam, Napoli eta Stockholm hirietarako.

Bombardierren kontratua

Baina CAF ez da gaur aldi luze baterako lana bermatu duen tren sektoreko euskal lantegi bakarra. SNCFk Bombardier kanadarrari eman dio 27 tren egiteko ardura, eta tren horien propultsio sistema Trapagaranen egingo dute, Bizkaian. 2023. urtearen amaieran entregatu beharko du lehen tren sorta Bombardierrek. 

Eskaeretako bat 2010. urtean egindako kontratuaren zabaltzea da. 860 trenerainoko eskaerak egiteko aukera jaso zuen, eta orain 11 tren (110 bagoi) gehiago eskatu ditu Frantziako Ferrokarrilen Konpainia Nazionalak. Bi solairuko tren sorta horrek 162 milioi euroko balioa dauka. Beste eskaera batean, SNFCk hamasei treneko (160 bagoi) hornidura nahi duela jakinarazi dio Bombardierri; kontratu horrek 245 milioiko balioa dauka.

27 tren berri horien propultsio sistema osoa Trapagaranen egingo du konpainiak. 200 bat langilek jarduten dute Kanadako konpainia horrek Bizkaian duen faktorian, eta eskaera horiek lan karga bermatuko diete luzarorako. Zalantzak uxatzea eskertuko dute Trapagarango beharginek, urte hasieran Frantziako Alstomek Bombardier erosi duela jakinarazi baitzuten enpresa biek. 6.200 milioi euroren truke, Kanadako konpaniaren trengintzaren adarra eskuz aldatzeko prozesua abiarazi zuten.

Alstom Alemaniako Siemensekin uztartzeko saioa egin zuten urtebete lehenago, baina Europako Batzordeak galarazi egin zuen bat egite hori, lehiaren aurkakoa zelakoan. Martxan dagoen operazioa eragotziko ez balu berriro, Bombardier Alstomen esku geldituko litzateke aurten, eta Trapagaran bera Frantziako konpainiaren jabetza izango litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.