Noiz sortua: 2020-06-30 11:39:24

Asia

Txinak bizi guztiko espetxearekin zigortu ahalko ditu segurtasunaren kontrako zenbait delitu Hong Kongen

Herri Asanblea Nazionalaren zuzendaritzak aho batez berretsi du Hong Kongen ezarriko duen Segurtasun Nazionalerako Legea. Sedizioa, «sezesioa eta atzerriko esku hartzea» zigortzea du helburu.

Hong Kongeko Polizia, gaur, protestari batzuk atxilotzen.
Hong Kongeko Polizia, gaur, protestari batzuk atxilotzen. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2020ko ekainak 30

Txinako Herri Asanblea Nazionalaren zuzendaritzak aho batez berretsi du Hong Kongerako Segurtasun Nazionalerako Legea, eta, neurria indarrean sartu da herrialdean gauerdia zela, Hong Kongeko buletin ofizialean argitaratu ostean. Legeak, besteak beste, «sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea» zigortzea du helburu, eta bizi guztiko zigorrak aurreikusten ditu delitu horietarako. Baina eztabaida gehien eragin duen puntua zera izan da: Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen izango dituztela Hong Kongen, eta askeago jokatu ahal izango luketela. 

Horrez gain, legeak jasotzen duenez, Hong Kongeko bozetan parte hartzea debekatuko zaio segurtasun delitu bat egiteagatik zigortua den orori; agintariek aukera izango dute legea urratzen duten talde edo enpresei isunak jartzeko edo horien jarduera debekatzeko; eta Poliziak susmagarri oro zelatatzeko eta haren telefono jarduera ikertzeko aukera izango du.  

Segurtasun Nazionalerako Legearen bidez, Txinako Gobernuaren asmoa da iragan urteko eta aurtengo manifestazioen gisakoak ez gertatzea berriro. Izan ere, protestak iragan urtean hasi ziren estradizioen lege proiektuaren harira, eta, azkenean, manifestarien presioaren ondorioz, Carrie Lame Hong Kongeko gobernuburuak bertan behera utzi behar izan zuen testu hori; horrek, noski, Pekin haserrearazi zuen.

Lamek amore eman zuen arren, manifestariek kalean jarraitu dute —berrogeialdian izan ezik—, asteek aurrera egin ahala eskarien zerrenda handituz joan baitzen. Lau eskari egin zizkioten Lami: atxilotuak askatzea, Poliziaren indarkeria ikertzeko «talde independente bat» sortzea, manifestazioei «istilu» ez deitzea eta herritarrek aukera izatea ordezkariak «era demokratikoan» hautatzeko. Lamek, ordea, hasiera-hasieratik erantzun zien ez dituela beteko lau horiek, eta Pekinek horren ostean erabaki zuen segurtasun legea sustatzea.

Kritikak nazioartean eta Hong Kongen

Lege hori sustatzeak Washingtonen eta Pekinen arteko gatazka diplomatikoa areagotu du, eta bi aldeek bata besteari begirako hainbat erabaki hartu dituzte asteotan: Etxe Zuriak Hong Kongi aitortzen zion estatus berezia kendu zion —merkataritzari begirakoa—, eta bisa murrizketak ere agindu zituen Txinako agintarien aurka —Pekinek erabaki bera hartu zuen AEBekin—. Orain, ikusteko dago testua bihar indarrean sartzen denean ea Washingtonek Txinako eskualde administratiboari buruzko erabaki gehiago hartuko dituen.

Hain justu, bihar 23 urte beteko dira Hong Kongek Erresuma Batuaren kolonia izateari utzi ziola eta Txinaren eskualde bihurtu zela. Pekinek manifestazioak debekatu ditu, baina «demokraziaren aldeko» mugimenduak protestarako deia egin du. Bihartik aurrera, gainera, ikusteko dago ea mugimendu horretako hainbat kide ezagunen dimisioek zer eragin izango duten; izan ere, horietako batzuek Demosisto talde politikoa utzi dute.

Erabakia azaltzeko, Wongek honako hau idatzi du Facebook sare sozialean: «Zorigaiztoko patua aurkeztu digute, ezaldi pertsonalak aurreikusteko ezinezkoak dira, eta egoera horri adoreaz egin behar diogu aurre. Demosistoko idazkari nagusi kargua utzi egin dut, eta alderditik atera egingo naiz. Protesta modu pertsonalean gauzatuko dut». Nathan Law eta Agnes Chow ekintzaileek ere antzeko mezuak publikatu dituzte sare sozialetan.

Buruzagien dimisioaren ostean, Demosistok jakitera eman du bere burua desegin duela. Berez, taldeak hautagaiak aurkezteko asmoa zuen irailaren 6an egitekoak diren Hong Kongeko Kontseilu Legegilerako hauteskundeetan, nahiz eta hori egiteko debekua duen. «Demokraziaren aldeko» beste talde batek, Hong Kongeko Fronte Nazionalak, adierazi du bere presentzia murriztu egingo duela eskualde administratiboan, eta «kanpotik» jardungo dutela.

Taiwanen babesa

Ekintzaile horiei babesa emateko prest agertu da, berriz ere, Tsai Ing-wen Taiwango presidentea: «Espero dugu Hong Kongeko herritarrek hainbeste balioesten dituzten askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen balioei atxikita jarraituko dutela». Hong Kongen eta Taiwanen arteko harremana estutuz joan da egungo Tsai agintera iritsi zenetik —independentista da, eta bozak bigarrenez irabazi ditu aurten—, irlako herritarren artean ere gailendu egin baita manifestarien aldeko jarrera.

Hong Kongek estatus politiko berezia du Txinan. Herrialde bat, bi sistema esan ohi zaio, eskualdeak autonomia handiagoa duelako eta sistema ekonomiko desberdina, kapitalista. Londresek eta Pekinek adostu zituzten xehetasunak, 1997an, eta Oinarrizko Legean irudikatu, eskualdeko konstituzioaren baliokidean; Txinako Herri Asanblea Nazionalak gaur onartu duen legea, hortaz, konstituzio horretan txertatuko dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna