Noiz sortua: 2020-06-30 16:14:27

Pandemia bat eragiteko ahalmena duen beste birus bat aurkitu dute

Txinako zientzialariek zerrietan topatu dute G4 deituriko mikrobioa, eta gizakiak kutsatzeko «ezaugarri guztiak» dituela ohartarazi dute.

Zerrama bat, kumeekin, Miarritzen eginiko azoka batean.
Zerrama bat, kumeekin, Miarritzen eginiko azoka batean. Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko ekainak 30

Zerrien gripe mota berri bat aurkitu dute Txinako ikertzaileek, eta, esan dutenez, «berehalako arriskurik ez» badu ere, beste pandemia bat sortzeko ahalmena du.

G4 EA H1N1 izena jarri diote birusari, eta duela hamaika urte izurria sortu zuen H1N1 birusaren senidea da, genetika aldetik. Zerriek daramate, baina gizakiak kutsa ditzakeela aurkitu dute orain. Berria denez, jende gutxik luke haren kontrako antigorputzik, zientzialariek esan dutenez.

Txinako hainbat unibertsitatetako eta Gaitzak Kontrolatzeko eta Aurreikusteko Zentroko zientzialariek aurkitu dute birusa, eta PNAS aldizkarian argitaratu zuten ikerketa atzo. George F. Gao, eta Jinhua Liu daude artikuluaren sinatzaileen artean.

Lan handia egin dute: 2011tik 2018ra, Txinako besteak beste hamar herrialdetako hiltegietan aritu ziren, zerriei sudurretik laginak hartzen. Laginetatik 179 gripe birus bakartu ahal izan zituzten, eta horietako gehienak berriak ziren. Zientzialarien arabera, birus mora berriak nagusitu egin dira zerrien artean 2016. urtetik hona.

Horietako bat da G4, eta esperimentuetan ikusi dutenez, oso kutsagarria da, eta erraz zabaltzen da giza zeluletan. Gainera, beste gripe moten aurrean gizakiek garaturiko antigorputzek ez dute babesten horren kontra, ez eta txertoek ere.

Ikusi dutenez, zerriekin lan egiten dutenen artean, hamarretik bat baino gehiago kutsatu ditu, eta populazio orokorraren %4,4. Beraz, dagoeneko pasatu da gizakietara, baina oraindik ez dute ikusi gizaki batetik besterako kutsatze kasurik. Edonola ere, halakoetan ohi den bezala, ondo zaindu beharko dute, litekeena baita birusak mutatzea eta gizakien arteko kutsagarritasun handiagoa duen aldaera bat sortzea. «Berehala hasi beharko genuke  G4 EA H1N1 birusak zaintzen zerrietan, eta aztertzen giza populazioetan, batez ere zerriaren industriako langileen artean».

Osasunaren Mundu Erakundeak gaur esan duenez, «kontu handiz» aztertuko dute ikerketa. «Argi uzten du ezin dugula gripea zaindu gabe utzi, eta jarraitu behar dugula adi egoten, nahiz eta COVID-19 pandemiaren erdian egon».

2009ko birusaren senidea

Oraingo COVID-19aren izurriak ustekabean hartu zuen zientzialari asko, haien artean ustea zelako hurrengo pandemia gripearen birus batek eragingo zuela, ez eta koronabirus batek. Izan ere, aurreko pandemia 2009ko zerri gripea izan zen, H1N1/09 birusak eragindakoa. Mexikon hasi zen, 2009aren urtarrilean, eta 2010eko irailaren 18an iragarri zuten amaitu zela, mundu osoari itzulia egin ostean. Munduko biztanleen %11-21 artean kutsatu zuela uste da, eta 150.000 eta 575.000 pertsona artean hil zituen.

Asko zabaldu zen, beraz, baina espero baino jende gutxiago hil zuen, adineko askok nolabaiteko immunitatea zutelako, lehen ere zabaldutako beste birus baten antza handia zuelako. G4 birus aurkitu berria H1N1/09 haren hurbilekoa da genetikoki, baina aldaketa batzuk baditu. Izan ere, erraz mutatzen duten birusak dira gripearenak; horregatik aldatu behar da urtero txertoa.

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna