Robles suhiltzaile objektoreak Elkarrekin-Podemos utzi du, arma salmentarekin haserre

Getxoko zinegotzi izan zen maiatzera arte, baina kargua utzi zuen Erromoko gaztetxearen kontrako operazioaren harira.

Ina Robles (ezkerrean), Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko lehendakagaiarekin, iazko martxoan, Getxon,  'Juan Carlos I' hegazkinontziaren bisitaren kontrako ekitaldi batean. MIGUEL TOñA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 30a
19:10
Entzun

Ina Roblesen izena ezaguna egin zen 2017. urtean. Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak uko egin zion Bilboko portuan Saudi Arabiarako armak zamatzeko lanetan laguntzeari, herrialdeak Yemenen kontra eginiko bonbardaketen aurkako protesta gisa. Elkarrekin-Podemos alderdiko kidea zen Robles, eta alderdi hori ordezkatuz zinegotzi izan da Getxon, aurtengo maiatzera arte. Orain alderdi morearekiko «lotura oro» hautsi du, Madrilgo Gobernuak adierazi duelako Saudi Arabiari armak saltzen jarraituko duela.

«2017. urtean infernura jaitsi nintzen, Saudi Arabiari armak saltzeari ezetz esan niolako», adierazi du Roblesek, sare sozialetan. «Orain berriz esan dut ezetz». Eta arrazoiak ongi azaltzeko beharra duela gaineratu du.

Roblesek azaldu duenez, suhiltzaileaz gain Elkarrekin-Podemoseko buruzagia zen artean, PP Espainian agintean zela Saudi Arabiara «Gernikaren tamainako hiri bat egunero» suntsitzeko adina lehergai bidali zuten Bilboko portutik. Orduan egin zion berak uko zamalanetako segurtasun taldean parte hartzeari. «Horrek konplize egiten gintuen, Mendeko giza hondamendirik handienean. Nire kritika eta oposizioa errotikoak izan ziren».

PSOEren Gobernuak jarraitu egin zuen armak bidaltzen Saudi Arabiara, salatu duenez, baina 2018an, Pedro Sanchezek esan zuen salmenta oro etengo zuela, herrialde arabiarreko gobernuak Jamal Khassoghi kazetaria hil zuelako Turkiako kontsulatuan. Alta, atzo jarrera hori aldatu egin zela salatu du Roblesek.

Izan ere, Espainiako Gobernuko salerosketen idazkari nagusi Xiana Mendezek Kongresuan defendatu egin zuen 2019an aurreko urteetan halako 30 arma saldu izana Saudi Arabiari, EH Bilduko Jon Iñarritu diputatuak galdetuta. Mendezek esan zuen hala jokatu dutela ez dutelako Saudi Arabiarentzako inongo nazioarteko enbargoren berririk. «Armak saltzeko politika berriz aztertzearena kea besterik ez zen», salatu du Roblesek.

«Giza eskubideen defentsaren aurrean, gobernua genozida kazetari-txikitzaileekin elkartu da, arma trafikatzaileekin eta monarkia eskupekozalearekin. Eta, txarrena, oraingoan Elkarrekin Podemosen laguntzarekin, neure alderdiarekin. Horregatik esan behar dut berriz: EZ!»

Alderdiarekiko lotura oro eten du Roblesek, «herritar zibilak sarraskitzeko armak saltzearen kontrako jarrera argia ikusi arte».

Ekintzailea, ez politikaria

Maiatzaren erdialdean, Getxoko zinegotzi kargua utzi zuen Roblesek. Arrazoi politikoak zituela adierazi zuen. «Ni ekintzailea naiz, ez politikaria», adierazi zuen orduan. Gaineratu zuenez, «desengainua» sentitu zuen politikarekin, batez ere EAJ eta PSEk osaturiko gobernu taldeak «oposizioa kriminalizatzeko» eginiko saioengatik. Erromo auzoko gaztetxearen kontra Poliziak eginiko eginiko operazioarekin haserre zegoen Robles.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.