Lan gatazka

Sindikatuak eta erakundeak, Agoizko Siemens Gamesaren itxiera galarazteko prest

Alemaniako zuzendaritzak planta itxiko duela jakinarazi du; 239 beharginek egiten dute lan Nafarroako plantan. ELAk ohartarazi du "baliabide guztiak" erabiliko dituela itxiera galarazteko; LABek dio enpresa "gezurretan" ari dela; eta Nafarroako Gobernuak agindu du itxiera eragozteko formulak lantzen saiatuko dela.

Siemens Gamesaren errota eoliko bat.
Siemens Gamesaren errota eoliko bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko uztailak 1

Siemens Gamesak iragarri du itxi egingo duela Agoitzen (Nafarroa) daukan planta, «kostu handiagatik eta haren kokapen geografikoagatik, portu gertuenetik 200 kilometrora dagoelako». Horrek «bideraezin egiten du haren lehiakortasuna esplotaziorako», enpresaren esanetan. CNMV merkatuen kudeatzaileari atzo iluntzean igorritako oharrak erreakzio andana eragin du sindikatuen eta erakundeen artean. Denak dira ados gauza batean: egin ahalak egin behar dira Agoizko planta itxi ez dadin.

ELA sindikatuarentzat, lekualdatze argi bat egiten ari da Alemaniako zuzendaritza, eta "baliabide guztiak" erabiliko ditu planta itxi ez dezaten. Uste de Siemensek Gamesa erosi zuenean Hegoaldeko gobernuek txalotu egin zutela operazio hori eta orain argi ikusten dela Euskal Herriko planta guztiak itxi nahi dituela Siemensek. "2021 arte errota palen ekoizpenari dagokion lan karga bermaturik zuen".

LAB sindikatua ere oso gogor egin du zuzendaritzaren aurka. "Injustiziaren aurrean batera" aritzeko deia egin die erakundeei, sindikatuei eta Nafarroako gizarte osoari. Nafarroako Gobernuari "inplikazioa" eskatu dio "soluzioak" aurkitu daitezen.

UGTk eta CCOOk ere argi esan dute enpresak hartutako erabakia "izugarria" dela, eta "bide gogorra" geratzen dela datozen asteetan "irtenbideak topatzeko".

Susmo txarrak baziren Agoizko lantegiaren inguruan, batez ere Siemens Gamesak Alemaniako Servion konpainia erosi zuenetik, iaz. Hark lantegi erraldoi bat du Vagos herrian, Portugalen, Aveiroko portutik oso gertu. Gainera, lan kostu txikiagoak dituzte Portugalen Euskal Herrian baino. Duela egun batzuk, Siemens Gamesak jakinarazi zuen bota egingo zituela Agotzean lanean ari ziren 70 aldi baterako langileak, eta horrek susmoak indartu zituen.

Zuzendaritzak bilera batera deitu ditu sindikatuak gaur goizerako. ELAk sei ordezkari ditu, LABek lau, UGTk bi eta CCOOk bat. Sindikatuak bezala, haserrea adierazi du Agoizko alkateak ere, Angel Martin Unzuek (EH Bildu). «Sekulako kolpea da Agoizko eta haren eskualdeko enpleguarentzat eta ekonomiarentzat». Herrian "ezustea eta harridura" dira nagusi, eta plantak eskualde osoari bizia ematen diola esplikatu du. Agoizko eskualdean langabezia tasa handiagoa dago (%13,72) Nafarroako batezbestekoa baino (%10etik behera), eta lantegia ixtea dramatikoa izan daitekeela ohartarazi du.

Nafarroako Gobernuaren erreakzioa

Horiek horrela, Siemens Gamesak Nafarroarekiko konpromisoari eusten diola esan duen arren, 239 lanpostu galtzeko bidean daude: «Aurrerantzean ere Nafarroa izango da garapenerako zentro nagusietako bat. Aldi berean, baina, enpresak esplikatu du 170 metrorainoko onshore errotak direla konpainiaren geroa, eta horiek ezin direla Agoitzen egin, haren arabera. Nafarroako lantegian 132 metroko haize errotak ekoizten dituzte, eta handiagoak egiteko «ez da lehiakorra».

«Erabaki oso zaila hartu dugu, eta jabetzen gara zer eragin izango duen gure langileen artean», esan du Alfonso Faubel onshore adarreko kontseilari ordezkariak; «hainbat hilabetean aukera guztiak aztertu ondoren, beste biderik ez dagoela erabaki dugu».

Siemens Gamesak gogoratu du 24.000 langileri ematen diela enplegua mundu zabalean, «horietatik 5.000ri Espainian», eta haien bideragarritasuna bermatzeko biderik eraginkorrena aukeratu dutela. Bide horrek, Agoizko lantegia itxi eta 239 langile kaleratzeak alegia, «ezinegon sakona» eragin du Nafarroako Gobernuan. Iruñeko gobernuak esan du Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela «interes orokorreko ikuspuntu batetik» aukera guztiak aztertzeko. Halaber, enpresarekin eta sindikatuekin ere ariko dela gaineratu du «konponbide onenen alde» lanean aritzeko. Hala, itxiera eragozteko formulak lantzeko konpromisoa hartu du.

Erabakigunea galdu egin zen 2017an

Gamesa 1976an sortu zuten, eta 1990eko hamarkadan sartu zen berriztagarrien arloan. 2006tik, batez ere energia eolikoan zentratuta dago. 2007an hasi zen Agoitzen lanean. Iaz, esaterako, 350 pala egitea aurreikusi zuten; 2018an, 170 egin zituzten. Agoiztik Bilboko portura eta Zaragozara (Espainia) eraman ohi dituzte piezak.

Agoizkoez gain, gehiago ere baditu Siemens Gamesak Nafarroan. 1.500 inguru ari dira Sarrigurengo eta Aratzuriko planta eta bulegoetan. Agoitzen, iaz sinatu zuten lehenengo hitzarmen propioa, 2020ra artekoa.

2017ko apirilean eratu zen Siemens Gamesa enpresa berria, Alemaniako Siemens eta Euskal Herriko Gamesa elkartuta. Bat egite gisa saldu zuten, baina, egiazki, Siemensek kontrolatutako enpresa bat da orain, haren akziodunek enpresa berriaren %57 bereganatu baitzuten. Gamesaren akziodun nagusiak, Iberdrolak, enpresa berriaren %8rekin geratu zen, eta aurten utzi du parte hartze hori Alemaniako bazkidearekin harreman istilutsua izan ondoren.

Munduko enpresa eolikorik handienetako bat da Siemens-Gamesa, Danimarkako Vestasekin eta AEBetako General Electricekin batera. 24.000 langile ditu, 40tik gora herrialdetan. Enpresa osoaren egoitza soziala Zamudioko teknologia parkean dago (Bizkaia), eta handik zuzentzen da lurrean jartzen diren haize erroten atala ere, Gamesaren indargunea baitzen hori. Itsasokoena, berriz, Alemaniatik gidatzen dute, Siemens hor nagusi baitzen. Ingeniaritza eta I+G lan gehienak Sarrigurengo egoitzan egiten dituzte (Eguesibar, Nafarroa), eta haren inguruan, logistika eta zerbitzu zentro bat du bai Arazurin eta bai Iruñean, eta prestakuntza gune bat Noainen. Euskal Herrian bertan Siemens Gamesak hiru ekoizpen zentro izan ditu orain arte: palak egiteko lantegia Agotzen, itxiko duela iragarri duena, eta biderkatzaileen bi planta txiki Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa). Gainera, Daniel Alonso Asturiasko enpresarekin batera erdibana du dorreak eraikitzeko fabrika bat, Olatzagutian (Nafarroa).

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Suediako Karolinska Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean larrialdietarako denda bat, martxoan. ©ANDERS WIKLUND / EFE
Bi lagun, terraza batean eserita, Orion. ©JON URBE / FOKU

Nork agindu tabernetan

Aloña Beraza Peña Irati Urdalleta Lete

Ordiziako taberna batetik zabaldutako fokuak piztu ditu alarmak aste honetan. Su gehiago ere ari dira pizten, Tuteran, Gasteizen... Tabernariak eta kudeaketan dabiltzanak kezkatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna