Alaves 0-2 Granada

Salbazioa korapilatzen ari zaio

Alavesk 0-2 galdu du Granadaren aurka, Mendizorrotzan, eta sei puntura hurbildu zaizkio jaisteko postuak.

enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 1a
22:41
Entzun

Alavesek laugarrenez jarraian galdu du Mendizorrotzan, Granadaren aurka (0-2). Irabazi beharreko lehia zuen, mailari eusteko lehian, baina kale egin du. Aurkari oso eraginkorra izan du aurrean, eta ez du gaitasunik izan jasotako kolpeei erantzuteko. Konfinamendutik erdi lo itzuli du Arabako taldea, eta, asteen joanean, erabat lozorrotu da. Alarma joka dauka, geroz eta ozenago, jaisteko postuak sei puntura hurbildu baitzaizkio. 

Munta handiko partida zen Alavesentzat, eta hasieratik erakutsi nahi izan du hori. Lehenik, hamaikakoa goitik behera aldatu du Asier Garitanok, Wanda Metropolitanon ordezkoei aukera eman ostean. Hamar aldaketa egin ditu bergararrak; Aleix Vidal mantendu du bakarrik. Arabarrak neurketaren garrantziaren jakitun ziren, eta partidaren bila irten dira. Bere egin zuten baloia, eta ezker hegaletik barneraldi arriskutsuak egiten saiatu dira. Lucasek zehaztasunez erdiratu du baloia; Duartek eta Aleixek, baina, ez dute errematerako inor aurkitu.

Ekimena etxekoena zen nabarmen. Granada nahiko atzean sartu da, kontraerasora espazioekin irteteko asmoz. Alavesek ondo zapuztu dio intentzioa: presioaren bidez, baloikadak bidaltzera behartu du. Goiko baloietan, nagusi ari ziren agertzen Laguardia eta Magallan. Alabaina, mantso eta bigun aritu dira Granadaren golean. Atzelarien ezina lagun, Puertas bakarrik gelditu da  Robertoren aurrean. Atezainak erantzun ona eman zion haren ahaleginari, eta aldaratzean, gutxigatik ez zuen gelditu Antoñinen erremate behartua. Baloiak, ordea, sareetan bukatu du. 26. minutua zen, eta lehiak itxura txarra hartu du Alavesentzat.

Gasteiztarrak, ez dira etsiak jota gelditu. Gola sartu dietenetik minutu batera, banakoa egitear izan da  Magallan, falta batean. Dena alde zuen ateko zuloan, baina jaurtitzen ere ez du asmatu. Arabako taldeak beste aukera on bat izan du Lucasen oinetan. Aurrelariak zutoinera errematatu du Joseluk orpoz egindako pase loratua. Gehiago merezi arren, atsedenera  atzetik joan da Alaves.

Modurik okerrenean ekin dio bigarren zatiari: 0-2koa jasota. Granadaren jokaldi harilkatuari amaiera ezin hobea eman dio  Soldadok. Dotore errematatu du oinaren barrualdearekin. Harri eginda gelditu da Roberto. Alaves ere halaxe utzi du golak. Jokalariak mugitu ditu Garitanok, baina taldea ez da suspertu. Burkeren diagonal bat izan da etxekoen hurbilketa on bakarra. Granada, ordea, hazi egin da, eta min egiten jarraitu du kontraerasoetan. Robertok ozta-ozta saihestu zuen Machisen gola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.