Beste hamalau positibo eta hiru hildako izan dira Hego Euskal Herrian

Murgak iragarri du neurriak areagotzea pentsatzen ari direla azken egunetan festa giroan ikusi diren jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero.

Herritarrak paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 2a
15:38
Entzun

PCR probaren bidez hamalau positibo, eta hiru hildako; bat Araban, beste bat Gipuzkoan, lau Bizkaian eta zortzi Nafarroan. COVID-19ak datu horiek eragin ditu azken orduetan Hego Euskal Herrian. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, gainera, 566 pertsonari jarraipena egiten ari zaizkie Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lotura estua izan dutelako kasu positiboekin.

Jaurlaritzaren arabera, bina kasu izan dira Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), eta bana Gasteizen eta Urretxun (Gipuzkoa).

 

Murgaren iritziz, «arduratzeko modukoak» dira azken egunetan, festak eta ospakizunak direla medio, hainbat herritan ikusitako jende pilaketak. Herritarrek baztertzen dituzten egoera «puntualak» direla zehaztu badu ere, onartu du prebentzio neurriak areagotzea pentsatzen ari direla, «mantendu eta orokortu» egiten badira. Kasu horietan, zehaztu duenez, segurtasun neurriak areagotuko dituzte, «edozein arrisku egoeratan egingo litzatekeen bezala». Erantsi du jarduteko hainbat modu daudela, adibidez, hesi mekanikoak jartzea, informazioa emateko kanpaina gehiago egitea eta garraio publikoan esku hartzea.

Besteak beste, Irunen (Gipuzkoa) eta Gasteizen ikusitako irudiek kezkatzen dute sailburua. «Asko arduratzen gaituzte arrisku egoerek eta kontaktua eta gertutasuna dakartenek». Ohartarazi duenez, horrelako jende pilaketek «arrisku handiagoa» dute familian biltzeak baino. Izan ere, haren hitzetan, koronabirusaren agerpenak azkar identifikatzeko eta gelditzeko gakoa da kutsatzeko moduan egon direnak azkar identifikatzea. Hori dela eta, sailburuak herritarrei eskatu die ezezagunekin kontakturik ez izateko kaleko festa giroan edo hondartzan.

Azken egunetan, hainbat agerraldi izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Murgak ziurtatu duenez, Arabakoak eta Bizkaikoak «erabat egonkortuta eta kontrolatuta» daude. Orioko (Gipuzkoa) agerraldia ere «erabat kontrolatuta» dagoela azpimarratu du sailburuak, eta, haren hitzetan, azken egunetan ez da beste kasurik egon. «Gipuzkoako beste leku batzuetan atzematen ari diren kasuek ez dute loturarik agerraldi horrekin».

Botikak ziurtatuta

Osasun sailburuaren hitzetan, erremdesibir botika ziurtatua dute COVID-19a sendatzeko behar dutenek. Ameriketako Estatu Batuen «erosketa masiboa» aipatu du, baina nabarmendu du botika «bermatuta» dagoela. Oraingoz, batez ere entsegu klinikoetan erabiltzen dela azaldu du Murgak, eta martxan daudela entsegu kliniko horiek. Hala ere, «zuhurrak»  izan behar dutela dio, «frogatu dutelako pertsona jakin batzuentzat —oso gaixo daudenentzat— dela eraginkorra, eta gaixotasuna motelago garatzea eragiten duelako». Beraz, sailburuaren hitzetan, onura frogatuta dago, baina «mugatua» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.