EUSKAL PRESOAK

Marixol Iparragirre askatzeko eskatu dute dozenaka herritarrek

Uztailaren 8an eta 9an epaituko dute Eskoriatzako presoa, Espainian. Gogoratu dute «ezinbesteko ekarpena» egin zuela Iparragirrek Euskal Herria «bake bidean» jartzeko, eta ez lukeela preso behar. Hamasei urte daramatza Iparragirrek kartzelan.

Gaur goizean Donostian egindako agerraldia. JUAN CARLO RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko uztailaren 3a
13:20
Entzun

Marixol Iparragirrek jarri zion ahotsa duela jada bi urte baino gehiago ETAk bere burua desegiteko erabakia iragartzeko kaleratu zuen agiriari, eta dozenaka euskal herritarrek adierazi dute «ezinbesteko ekarpena» egin diola Euskal Herria «bake bidean» jartzeko prozesuari. «Beharbada, ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek». Donostian egin dute agerraldia, Iparragirre aska dezatela eskatzeko. Izan ere, uztailaren 8an eta 9an epaituko dute Eskoriatzako (Gipuzkoa) presoa, Espainian. «Hemen gaudenok ozen exijitzen dugu Marixolen askatasuna».

Hainbat pertsona ezagun izan dira agerraldian: Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa; David Pla, Mikel Orbegozo, Mikel Albisu eta Iñaki Pikabea preso ohiak, Jon Enparantza abokatua; Joseba Alvarez, Xabier Alegria... eta bertze hainbat eta hainbat herritar. Mezua, berriz, Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak irakurri dute. Adierazi dute, ordea, ez direla «altxatu diren bakarrak»: «Debagoieneko, Euskal Herriko zein munduko hainbat pertsona esanguratsuk izenpetu dute gurekin batera aldarrikapen hau, bidegabea delako, arduragabekeria delako gatazkara kateatuta segitzea».

Gogoratu dute Iparragirrek «ia lau hamarkada» daramatzala «etxetik kanpo», eta hamasei urte, berriz, preso. Frantziako espetxeetan zigorra bete zuen 2019ko abuztuan, baina irailean Espainiaratu zuten. Salatu dute «lehen graduan modu ankerrean» eduki dutela, «inolako epaiketarik egin gabe». Heldu den astean eginen duten epaiketa «sobera» dagoela erran dute agerraldian: «Herri honek ez du epaiketa gehiago behar, are gutxiago kartzela zigorrak ekar ditzaketenak». «Zubiak eraikitzeko garaia» dela aldarrikatu dute, «gure herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Gizalege kontua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.