Zigorra amaitu arren, Marixol Iparragirrek preso darama astebete

enekoitz esnaola
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Marixol Iparragirre Guenetxeari (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961) abuztuaren 27an amaitu zitzaion Frantzian ezarri zioten hogei urteko kartzela zigorra, baina oraindik preso daukate, Reauko espetxean. Frantziak bihar arratsaldean Espainiaratuko du, Madrilen epaitzeko, Auzitegi Nazionalean. Iazko maiatzean, Iparragirrek jarri zion ahotsa, Josu Urrutikoetxearekin batera, ETAk bere desegitearen berri eman zueneko adierazpenari.

Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiaguako Kalera Kalera dinamikak idatzi batean azaldu dute Iparragirrek kalean beharko lukeela, zigorraren bukaera dela-eta, eta Espainian lituzkeen auzibideak deitoratu dituzte: «Auzitegi Nazionalak haren aurka igorritako euroagindu eta estradizio eskaerak polizia etxe eta Guardia Zibilaren kasernetan torturapean erauzitako aitorpenetan eta polizia zerbitzuek eraikitako frogetan oinarritutako dosierrak dituzte oinarri. Gainera, egozten zaizkion egitateak oso aspaldikoak dira; berriena, duela bi hamarkada baino gehiagokoa». Efe berri agentziak zabaldu du Luiciano Cortizo Espainiako armadako komandantearen hilketagatik (1995) epaituko dutela.

Iparragirrek hogei urte zituela egin zuen etxetik ihes. 2004an atxilotu zuten, Frantzian, ETArekin lotuta. Urteetan izan da EPPK-ren eledunetako bat, eta azkenaldian, besteak beste, Max Brisson Frantziako senatariarekin eta Vincent Bru diputatuarekin, Jose Bove eurodiputatuarekin eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin bildu izan da. Eskoriatzako eta Antiguako taldeen arabera, euskal presoaren inguruan «Espainiako indar juridiko, polizial eta mediatikoek antolatu duten kanpainaren atzean arrazoi argi bat dago: Euskal Herrian kosta ahala kosta eraikitzen ari den bake ekimena sabotatzea». Uste dute kanpaina horrekin «Iparragirre epaitu gabe aurretiaz kondenatuz haren kartzelatzea ezinbesteko bihurtzeko giroa sortu» nahi dutela.

«Gatazkaren konponketan» urratsak egitea aldarrikatu dute. «Iparragirreren askatasunak indarra emango lioke urteotan landutako bideari, presoen Euskal Herriratzea Espainiako Estatuan ere abian jartzeko bidea irekiz eta gatazkak kalte egindakoek behar duten erreparaziorako aukera berriak zabalduz».

Aspiazu, Espainiaratua

Atzo, Frantziak Garikoitz Aspiazu Rubina euskal presoa aldi baterako Espainiaratu zuen, Auzitegi Nazionalak Jose Maria Lidon epailearen hilketarekin lotutako epaiketa egin diezaion. Soto del Real (Madril) espetxean sartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.