Euskal Presoak

Marixol Iparragirre Espainiaratu egin dute

Abuztuaren 27an bete zuen espetxe zigorra, baina gaur arte Frantzian eduki dute giltzapean. Espainian beste auzi batzuengatik epaituko dute. Soto del Realen sartu dute preso.

Eskoriatzan elkarretaratzea egin dute Iparragirre aske uzteko eskatuz. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2019ko irailaren 4a
12:00
Entzun

Frantziak gaur Espainiaratu du Marixol Iparragirre, Auzitegi Nazionalean epaitu dezaten. Iturri judizialek esan dute hamabi atentaturengatik auzipetuko dutela. Madrilera iritsi orduko, Espainiako Poliziaren eskuetan utzi dute, eta haiek Auzitegi Nazionalera eraman dute. Iparragirreren abokatuak Iparragirre aske uzteko eskatu du, baina epaileak haren kontrako hamabi auziren berri eman dio, eta Soto del Realen (Madril) preso sartzeko agindua eman du. Espetxean, ez daukate bakartua; modulu arruntean dago, beste preso batekin, ziega batean.

Gertukoek BERRIAri jakinarazi diotenez, 15:00etan iritsi da Madrilera, eta 19:00etan jakinarazi diote espetxeratze autoa. Egun osoan ez diotela jatekorik eman salatu dute.

Iparragirrek abuztuaren 27an amaitu zuen Frantziako espetxe zigorra — 2004an atxilotu zuten, ETArekin lotuta—, baina geroztik ere preso izan dute, Espainiari entregatu artean.

Sortuk eta EH Baik deitoratu egin dute Espainiaratzea, eta Iparragirrek «bakearen» eta «elkarbizitzaren» alde egindako lana nabarmendu. "Konponbidea" eta haren kaleratzea eskatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Eskoriatzan (Gipuzkoa) eta Donostian, Antiguan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.