AEB-ak

George Floyd: "Hil egingo nauzue"

Floyden atxiloketan parte hartu zuen polizietako baten abokatuak zabaldu du hura atzeman zuten uneko elkarrizketen transkripzioa. Bertan, gizonak hogei alditan errepikatzen du itotzen ari dela.

Floyden hilketa salatzeko protesta bat, ekainean, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 9a
09:22
Entzun

Maiatzaren 25ean hil zuten George Floyd, 46 urteko gizonezko afro-amerikarra. Haren atxiloketan parte hartu zuten lau poliziak, Derek Chauvin, Thomas Lane, J Alexander Kueng eta Tou Thao kargugabetuta eta auzipetuta daude egun; bigarren mailako hilketa egozten diote Chauvini —40 urte arteko kartzela zigorra jaso dezake—, eta hari lagundu izana beste hirurei.

Laneren abokatuak Floyd atxilotu zuteneko bideo irudien transkripzioa zabaldu du gaur, ordea, eta bertan entzuten da nola 46 urteko gizonak hogei alditan errepikatzen duen ezin duela arnasa hartu. Izan ere, atxilotu eta eskuburdinak jarri ostean, Chauvin Minneapolisko poliziak zortzi minutu eta 46 segundoz izan zuen belauna Floyden lepo gainean; bi minutu eta 53 segundoz, gainera, atxilotuak konortea galdu ondoren.

Lanek berak eta Kuengek uniformeetan zeramatzaten kamerek hartutako irudienak dira transkripzioak. Floyd geldiarazi eta autotik irtenarazi zuten unetik anbulantzian eraman zuten arteko tartea jasotzen dute. Une batean, lurrean botata eta Chauvin gainean duela halaxe dio Floydek: «Hil egingo nauzue». «Orduan egon isilik, eta utzi oihukatzeari», erantzuten dio Chauvinek.

Transkripzioetan jasotzen denez, Floyd etzanda eta aurpegia lurraren kontra zutela, eta hura arnasa ezin zuela hartu esaten ari zela, Lanek galdetu zion Chauvini ez ote zen hobe gizona buruz gora jartzea, baina hark hala erantzun zion: «Ez, daukagun tokian geratuko da».

Floyden hilketak protesta jendetsuak eragin zituen AEBetan eta nazioartean. Hainbat estatutan polizia departamentuak desegitea ere proposatu zuten, tartean Minneapolisen bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.