Arkeologia

Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik Nafarroan

Aranguren ibarreko Irulegi herri gotortuan topatu dute aztarna. Erromatarren aurreko baskoiak duela 2.700 urte nola bizi ziren hobeto ezagutzeko aukera emango du.

Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 9a
15:28
Entzun

«Zundaketa txiki bat egin genuen ikusteko non aurki genezakeen etxearen zola, zorua. Eta zolan bertan aurkitu genuen, lurperaturik, haur jaio berri bat». Halaxe azaldu du aurkikuntza Mattin Aiestaran arkeologoak, gaur, indusketa lekuan bertan. Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo talde bat Aranguren ibarreko Irulegin (Nafarroa) aritu da lanean uztaileko lehen bi asteotan, eta Aiestaran ari da indusketa zuzentzen.

Irulegin, erromatarren aurreko baskoien herri gotor bat zegoen, eta aurkikuntzak zantzu asko eman ditzake haien bizimodu eta kultura hobeto ezagutzeko.

Susmoak baieztatu ahal izan dituzte: Irulegiko gazteluaren ondoan, baskoien herrixka bat zegoen. Bi urtez aritu dira sonarrak eta radarrak erabiltzen, lurpean egon daitekeena aztertzen. Horien bidez, irudika daiteke, denborak ezkutatu dituen eraikinen egiturak.

Horrela jakin zuten Burdin Aroko eraikin bat bazegoela han, harrizko eta pezozko hormak zituena.

Abantaila handia da teknika geofisikoak erabiltzea, gero askoz zorrotzago jakin daitekeelako lurra non kendu.

Indusketan, ontziak topatu dituzte, aleak ehotzeko errotarriak, eta baita baskoi haiek hazten eta ehizatzen zituzten animalien zantzuak ere. Aranzadikoek esan dutenez, zantzuak «egoera bikainean» daude.

Baina ustekaberik handiena umekiak eman du. Ikusi dutenez, jaio aurretik baino apur bat lehenago edo ondoren hil zen, amaren haurdunaldiaren 34-36. aste inguruan. Lehendik jakina zen baskoientzat ere etxea leku sakratua zela, eta haren babespean lurperatzen zituztela haurrak. Helduak, ordea, erraustu egiten zituzten nekropolietan.

<br />Aurkitu duten hezurdura, etxearen barruko zoruan lurperaturik / Aranzadi.

Hezurdura aztertzen ari dira Francisco Etxeberria eta Lourdes Herrazti adituak.

Herri gotorra

Ikusi dutenez, Irulegiko herria babesteko, sei metroko harresiak eraiki zituzten. Herriak, denera hamar bat hektarea hartzen zituen, soroak eta belardiak barne. Harresietako gune bat apropos suntsituta dagoela behatu dute, eta bizilekuari su eman ziotela. Erromako Inperioa Euskal Herrian zabaltzeak «prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna» eragin zituela adierazi dute, eta indusketak horiek hobeto ulertzen lagunduko duela. 

«Horrek guztiak agerian uzten du Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia dela, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Irunñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko», adierazi du Aranzadik, ohar baten bidez.

Laginak dagoeneko laborategian daude. «Irulegiko hedapena eta hiri garapena garrantzitsuak dira Pirinioaurreko arroetako Nafarroako kokaleku ereduak ulertu ahal izateko. Izan ere, itxuraz, gainera, Ebro ibarraren eta mendi ingurunearen arteko lotura ziren«, esan du Aiestaranek.

Irulegiko gaztelua Erdi Arokoa da, eta museo bihurtuko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.