Jean Rene Etxegaraik bidea libre du Euskal Elkargoko lehendakaritzarako

Ezkerreko abertzaleen mugimendu politikoaren iritziz, Ipar Euskal Herriko egoera politikoa kontuan hartuta, «baldintzak ez dira beteak» lehendakaritzarako hautagai abertzale bat aurkezteko. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezarekin mintzatzea lehenetsi dute. Uztailaren 17an izanen da Euskal Elkargoaren lehen biltzarrean, eta bertan hautatuko dute ondoko sei urteetarako lehendakaria; Iriart ez da aurkeztuko.

Guillaume Faueau Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko uztailak 10

Atzo arratsaldean bildu ziren biltzar nagusian EH Baiko kideak, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren hautaketari begira hartuko duten jarrera finkatzeko. Jean Rene Etxegarai orain arteko lehendakariari babesa eman ala hautagai abertzale bat aurkeztu zen eztabaida nagusia. Hain zuzen, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza «prest» agertu da lehendakarigai izateko, azken asteetan hedabide batean baino gehiagotan egin dituen adierazpenetan. «Gaur egun esku artean ditugun elementuak kontutan harturik, eta Ipar Euskal Herriko egoera politiko orokorraz jabeturik, EH Baiko militanteek kontsideratu dugu baldintzak ez direla bilduak uztailaren 17an abertzale baten hautagaitza aurkezteko Euskal Elkargoko lehendakaritza kargurako», adierazi du gaur goizean EH Baik agiri batean. Ezkerreko abertzaleek Etxegaraiekin elkarrizketak abiatzea lehenetsi dute, haren hautagaitza oraindik ofiziala ez bada ere. Biltzar Nagusian egondako barne eztabaidaren «kalitatea» azpimarratu du mugimendu politikoak.

Ekainaren 25ean agertu zuen Iriartek Euskal Elkargoko lehendakaritzara aurkezteko asmoa. Hainbat hedabidetan argitaratutako bi elkarrizketaren bidez, jakinarazi zuen «prest» zela eta «gogoetatzen» ari zela. Azken asteetan, eztabaida handia sortu du mugimendu abertzalean, eta hautagaitza horren aldeko eta kontrako iritziak agertu dira han eta hemen. Herriko bozen bigarren itzuliaren biharamunean, ezkertiar eta abertzaleek lortutako «pisu politikoa» ikusita «hautagaitza bat gutxienez» aurkeztu beharko litzatekeela adierazi zuen Filipe Aramendi Urruñako auzapez hautatu berriak.

Uztailaren 2an, haatik, iritzi artikulu bat publikatu zuen mugimendu abertzaleko 26 pertsona ezagunek. Horien artean ziren, besteak beste, Jakes Abeberri, Xabi Larralde, Mixel Berhokoirigoin, Daniel Dergi, Mertxe Colina eta Daniel Olzomendi. Bertan adierazi zuten Iriart eta Etxegarairen arteko lehia ez zela «desiragarria», biak ildo berekoak direla argudiatuta. «Ez zaigu iduri bi pertsonalitate horien arteko buruz burukoa eta haien arteko kanpaina oso zatitzaile baten arriskuak Euskal Herriaren onerako izan daitezkeenik». Euskal Elkargoko lehendakari izaten segitzeko Etxegaraik duen «zilegitasuna» azpimarratu zuten, bien artean hautagaia bera izan beharko litzatekeela ulertzera emanez. «Ezkerreko ideia abertzale eta ekologistak Iparraldeko paisaia politikoaren errealitate garrantzitsu eta bazterrezin bilakatu dira. Ondorioz, zor zaien heinean ordezkatuak izan behar dira Euskal Elkargoaren instantzietan».

Atzoko biltzar nagusian, ildo beretik jo zuten EH Baiko kideek. «Bultzaturiko hautagaitza abertzalea erabat zilegi litzateke, eta argi dugu gaitasun guziak dituela Euskal Elkargoko lehendakari ona izateko. Aukera honen inguruko gogoeta amankomuna eraman dugu azken egun hauetan Alain Iriartekin. Baina egungo testuinguru politikoa eta kojunturaren azterketa izan da gure erabakia hartzera bultzatu gaituztena», azaldu dute prentsari bidalitako agirian. «Abertzaleak Euskal Elkargoko gobernantza instantzia desberdinetan ordezkatuak izan behar dugu. Politika publikoen garapenean aktiboki parte hartzeko engaiamendua hartzen dugu. Ipar Euskal Herriaz dugun ikuspegia partekatuko eta defendituko dugu datozen sei urteetan». Helburu hori betetzeko, EH Baiko kideek uste dute Euskal Elkargoko batzorde eragilean ordezkaritza zabala izan behar dutela . «Gure hautetsiek mobilizatuak segitzen dute, hauteskundeen emaitzen araberako ordezkaritza lortzeko lurralde batzordeetan».

EH Bairen hitzetan, krisi ekonomiko eta sozialak, larrialdi klimatikoak, euskararen defentsak eta «bake prozesuaren» jarraipenak «goi mailako erantzun politiko eta instituzionalak eskatzen dituzte». Ezkerreko abertzaleak «prest» agertu dira erabakiguneetan parte hartzeko, «Ipar Euskal Herriko biztanleen mesedera». Era berean, Euskal Elkargoaren funtzionamendu «hobea eta demokratikoagoa» bultzatuko dutela adierazi dute, «herritarren eta herriengandik hurbilago izateko».

Iriart ez da aurkeztuko

Prentsari bidalitako agiri batean, lehendakaritzarako hautagaitzari buruz abiatutako gogoeta bertan behera utziko duela jakinarazi du Iriartek. «Hartu nuen engaiamenduari segituz, kontutan hartzen dut ene sentsibilitate politikoak ez duela ildo horretatik joateko gehiengorik agertu». Hiriburuko auzapeza «harro» agertu da bere eztabaida bukaeraraino eramateatik, baina adierazi du bere «ideia eta konbikzioekin bat» desmartxa urrunago eramateak ez duela «zentzurik». Azken asteetan sentsibilitate guzietako auzapez eta hautetsiekin «solasak» izan dituela erran du. Horietan, elkargoko zerbitzuen «deskonzentratzea» beharrezkoa dela azpimarratu dute haren arabera, hautetsiak eta tokiko lurralde batzordeak zinezko ardurekin instituzioaren muinean kokatzeko. Iriartek espero du hirigune elkargoa «nahikaria handi» engaiatuko dela bide horretan, «gure politika publikoak erreusitzeko  proiektu sendo baten eremaile» izanen dela. Helburu nagusi gisa aipatu ditu [Ipar] Euskal Herriaren instituzionalizazioa sendotzea, transizio ekologikoa egitea, egoitza sozial eta eskuragarrien eskaintza egituratzea, laborantza iraunkorra garatzea eta laborantza lurren atxikitzea, eta euskararen irakaspena eta erabilera garatzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 156 positibo izan dira.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna