Musika

Gasteizko Jazzaldiak zortzi emanaldi murriztu antolatu ditu

Jazz VG Club izenburupean, hainbat artista hilaren 16tik 19ra ariko dira Santa Catalinako lorategi botanikoan eta The Garage aretoan.

Ruben Salvador izango da zikloan parte hartu dutenetako bat. BERRIA
Berria
2020ko uztailaren 10a
12:28
Entzun

Aurten ez da Gasteizko Jazzaldirik izango. Ekainaren hasieran iragarri zuten antolatzaileek koronabirusak eragindako egoerak ezinezkoa egiten zuela jaialdia bere horretan egitea, nahiz eta «azken momentura arte» irtenbideak bilatzen saiatu.

Ohiko formatuko jaialdiaren faltan, ordea, Gasteizko Jazzaldiko antolatzaileek formatu bereziko ziklo bat antolatzea erabaki dute: Jazz VG Club. Datorren asteko ostiraletik igandera bitartean, gehienez ere berrehun lagunentzako izango diren emanaldi bikoitzak egingo dituzte The Garage Club aretoan, 20:00etatik aurrera.

Kontzertu sorta hori baino lehen, ordea, Triology bandak eta Lara Vizuete pianista eta kontrabaxu joleak kontzertu bat emango dute Santa Catalinako lorategi botanikoan, hilaren 16an. Emanaldi horretara gonbidapenarekin baino ezingo da sartu.

The Garage Clubeko kontzertu zikloa Ruben Salvadorrek eta Ernesto Aurignacek hasiko dute 17an. Salvadorrek bere konposizioak eta klasikoen interpretazio berriak uztartuko ditu bere kontzertuan, eta Aurignacek, bere aldetik, Charlie Parker omenduko du, saxofoi jolearen mendeurrena dela aitzakia hartuta.

18an, larunbatean, Noa Lur kantari bilbotarra eta Javier Moreno kontrabaxu jotzailea izango dira Jazz VG Club zikloan. Noa Lur Europako ahotsik onenetariko bat izateagatik saritu zuten Nomme Jazz (Estonia) jaialdian, eta, besteak beste, Bobby McFerrin eta Troublemakerrekin aritu da zuzenean. Morenok, berriz, In Sides diskoa aurkeztuko du.

Azkenik, igandean bi musikari galiziar ariko dira The Garage Cluben: Abe Rabade pianista eta Baldo Martinezen kontrabaxu jolea (taldearekin).

Kontzertuetara joateko aukerarik ez dutenentzat, emanaldi guztiak streaming bitartez emango dituzte www.jazzvitoria.com webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.