Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Denera 69 kasu dagozkio positibo multzo horri, eta 31 Tuterakoari.

arantxa iraola
2020ko uztailaren 10a
14:07
Entzun

Azken zenbaketan COVID-19a duten 31 positibo berri atzeman dituztela esan du Osasun sailburu Nekane Murgak. Bost Araban, zortzi Bizkaian eta hemezortzi Gipuzkoan. Ordizian tabernagune batean abiatutako kasu sortari dagokionez, birusaren oldarraldi horri lotuta 11 positibo berri atzeman dituztela onartu du, eta jada 69 direla kasu multzo horrekin erlazionatutako kasuak. Bizkaian atzeman dute kasu horietako bat, Araban beste bat. Nafarroako osasun agintariek ere eman dute azken datuen berri; Tuteran atzo jakinarazi zuten ezkontza baten ingurumarian 23 kasu agertu zirela, eta gaur positibo horiekin lotutakoak denera 31 direla.

Ordizian diren kasuei dagokienez, positibo gehienak jende gaztea direla esan du Murgak; batez beste 33 urte dituzte. Oraindik ez da inor larrialdietara joan gaitzaren sintomen ondorioz. Jakina da, hain justu, adinean gora egin ahala gordindu egiten direla gaitzaren sintomak. Sailburuak onartu du, hala ere, positibo gazte horien inguruko kontaktu «estuengana» heldu ahala, agertu direla adin handiagoko pertsonen kasuak ere.

Arabako azken kutsatzeak «funtsean» familia baten barruko transmisio baten ondorio izan direla azaldu du Murgak, eta kasuak ez duela oraingoz aparteko neurririk eskatzen: «Oraingoz ez dago transmisio komunitariorik». Onartu du, hala ere, gimnasio batean egon zela haietako bat, jende gehiago inguruan izan zuela, eta adi daudela, zer gertatuko. Eskoriatzan (Gipuzkoa) ere, kasu batzuen harira, erne daudela azaldu du, eta testak egiten ari direla. Zehazki 53 test egin dituztela adierazi du, eta positibo bat agertu dela.

Hilik ez dago kasuen azken zenbaketan, baina berriki erietxetara birusa duten bi adineko heldu direla onartu du Murgak. Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek adierazi du kezkatuta daudela gaitzak zer eragin izango ote duen Tuteran eta inguruetan, eta «blindatu» egin dituztela han zentro soziosanitarioak, bisitetara begira-eta.

Maskara «bizitzako jarduera gehienak egiteko» beharrezkoa dela oroitarazi du, eta Eusko Jaurlaritzak asmoa duela erabilera sustatzeko; hilaren 16an propio xede horren inguruko hainbat jarduera egiteko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.