«Osasun publikoaren kontrako delitua» izango da gaixorik bozkatzea

Ordiziako koronabirus agerraldiarekin lotutako beste lau kasu atzeman dituzte. Denera, 31 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baieztatutako positiboak, eta herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. 160 herritar inguruk izango dute debekatua gaur bozkatzea. Nafarroari dagokionez, Tuteran hiru kasu gehiago atzeman dituzte, eta Iruñean zortzi positibo agertu dira.

Probak egiteko Ordizian jarritako postuak.
Probak egiteko Ordizian jarritako postuak. Jon Urbe / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2020ko uztailak 11

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak azaldu du azken 24 orduetan 31 COVID-19 kasu atzeman dituztela PCR proben bidez: bi Araban, hamabi Bizkaian eta hamazazpi Gipuzkoan. Gainera, herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. Ordiziako agerraldiari lotutako kasuei dagokionez, orain arte atzemandakoak 70 dira; 45, herrian egindako PCR probekin. Azken orduetan beste lau kasu baieztatu dituzte han, baina beste hiru kendu orain arteko zenbaketatik, foku harekin lotuta ez daudelakoan. Murgaren esanetan, horiek Lleidako (Herrialde Katalanak) foku batekin lotuta egon daitezke.

Murgak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak biharko hauteskunde egunari buruzkoak izan dituzte hizpide nagusia. Ezarritako gomendioak betetzeko dei bat egin dute biek: botoa etxetik prestatuta eramatea, pilaketak ekiditea eta metro eta erdiko distantziak mantentzea. Hori guztia maskara erabiltzeko betebeharra ahaztu gabe. Segurtasun sailburuak gaineratu du neurri bereziak hartu dituztela biharko; besteak beste, mahaiak handiagoak izango dira, mahaikideen arteko distantzia bermatzeko, eta seinaleak ezarriko dituzte hautesleek ere tarteak mantendu ditzaten.

COVID-19a duten herritarrei ezarritako debekuaren inguruan, Murgak argudiatu du «osasun publikoko» arrazoiengatik dela, eta berdin jokatzen dela bestelako gaixotasun infekzioso batzuk dituzten gaixoekin ere. Denera, 160 lagun inguruk ezingo dute euren botoa eman bihar: orain COVID-19a dutela baieztatu dietenak dira. Kopuru horrek, ordea, ez du bat egiten egun gaixotasun horrengatik ospitaleratuta dagoen eri kopuruarekin. Murgak arrazoitu du ospitaleratuta dauden gaixo ugarik izan badutela botoa emateko aukera, COVID-19agatik ospitaleratuta izan arren, jada gaixotasuna zabaltzeko arriskurik ez badute. Kasu horietan, gaixo bakoitza artatzen duen mediku taldeak baloratu beharko luke eria prest dagoen edo ez bozkalekura joan eta berriz ospitalera itzultzeko. COVID-19agatik zainketa intentsiboetako unitateetan dauden sei gaixoen adibidea erabili du Murgak, esanez horietako lauk —jada gaixotasuna kutsatu ezin dutenak— «ahal izanez gero» botoa ematera joateko aukera izango luketela.

Eskubide hori erabili ezingo dutenei buruz, Beltran de Herediak azaldu du «osasun publikoaren kontrako delitu bat» egingo luketela bozkatzera joanez gero. Gaineratu du horiek etxean geratzeko betebeharra dutela, «gaur, bihar eta etzi».

Posta bidezko botoaren gorakada

Segurtasun sailburuak hauteskundeei buruzko hainbat datu ere eman ditu prentsaurrekoan. Denera, 1.794.313 lagun daude bozkatzera deituak, 2016ko bozetan baino 10.800 gehiago. Igoera nabarmenena, ordea, posta bidezko botoaren igoera izan da: 125.000 lagunek baino gehiagok egin dute eskaera. «Inoizko eskaerarik handiena», azaldu du Beltran de Herediak.

Datu horiez gain, aurtengo bozetan duela lau urte baino 42 hautesleku gehiago egongo dira, eta 85 mahai gehiago.

Nafarroan: Tutera eta Iruñea

Nafarroako osasun agintariek ere eman dute koronabirusaren azken datuen berri. Tuteran hiru kasu gehiago atzeman dituzte, eta dagoeneko 34 dira positiboak. Gainera, Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta zortzi positibo agertu dira. Joan den astelehenean, San Fermin bezperan, Iruñean egindako hamaiketako batekin zerikusia dute positibo horiek.  Kasu horiei dagokienez, positibo gehienak gazteak direla jakinarazi du gobernuak. Guztira, Nafarroan beste 27 positibo atzeman dituzte azken orduetan, baina ez da hildakorik egon koronabirusaren eraginez.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere

Olatz Esteban Ezkati

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian: 224 kasu izan dira azken orduetan. Gipuzkoako tabernariak kexu agertu dira Jaurlaritzaren murrizketak direla eta

Emakume bat oinez Donostian, erosketen poltsak eskuetan, joan den apirilean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Zaurgarrienak, zaurgarriago

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Pandemiak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak sakondu dituela ondorioztatu du Emakunderen txosten batek. Egoera hobetzeko gomendioak eman dizkie erakundeei

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna