Parte hartzea

Bilbon, Gasteizen eta beste hemeretzi herritan parte hartzea ez da %50era heldu

Inoiz ez da hainbesteko abstentziorik izan Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan (%47). Eta leku batzuetan oso-oso makala izan da parte hartzea: 2.730 mahai daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 124 mahaitan (%4,5) boto emaileen %40 baino gutxiago joan dira botoa ematera. Hauek dira abstentziorik handiena eta txikiena izan zuten herriak.

BERRIAren hauteskundetako mapa interaktiboan ikusi eta kontsultatu daiteke parte hartzea zein izan den herri bakoitzean.
mikel p ansa
2020ko uztailaren 13a
10:42
Entzun

2012tik 2016ra ere parte hartzea asko jaitsi zen —%60 izan zen, duela lau urte—, baina ordutik hona beste zazpi puntu galdu dira, eta igandeak emaitza ezohikoak utzi zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 21 herritan parte hartzea ez zen %50era ere heldu, eta zerrenda horretan hiri handiak daude: Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Basauri, Sestao, Santurtzi, Portugalete (Bizkaia), Irun, Pasaia, Andoain, Errenteria eta Lasarte-Oria (Gipuzkoa), adibidez. Abstentzioa garaile nabarmena suertatu da horietan.

Bernedo izan zen abstentziorik handieneko herria: hamar hautesletik sei ez ziren joan botoa ematera —425 hautesletik 246 abstenitu ziren—. Hau da parte hartzerik txikiena (%50etik beherakoa) izan duten 21 herrien zerrenda:

Bernedo: %42,1.
Etxebarri: %46,6.
Barakaldo: %46,7.
Iruña Oka:% 46,8.
Harana: %46,9.
Berrobi eta Oion: %47,1.
Erriberabeitia: %47,2.
Irun eta Urnieta: %47,3.
Andoain: %47,4.
Sestao: %47,6.
Gasteiz, Basauri, Santurtzi eta Zanbrana: %48,3.
Portugalete: %48,4.
Bilbo: %48,5.
Pasaia: %48,9.
Errenteria: %48,5.
Erandio: %49,8.

Beste lau herritan doi-doi pasatu ziren %50eko parte hartzetik, baina %51ra iritsi gabe: Lasarte-Orian, Astigarragan (Gipuzkoa), Ermuan eta Trapagaranen (Bizkaia). Hiriburuak konparatuta, berriz, Donostian bestelako joera izan zen, batezbestekoaren gainetik ibili baitzen parte hartzea: %54,2. Emaitza guztiak kontsultatu litezke herriz herri BERRIAren mapa interaktiboetan.

Hamar puntu baino gehiagoko jaitsierak, 37 herritan

Azken emaitza izan zen hori, baina bestela ere interpreta litezke datuak. Parte hartzearen jaitsiera orokorra izan zen, eta horrek esan nahi du herri gehienetan boto asko galdu zirela. Duela lau urteko datuekin konparatuta, igandeko hauteskundeetan 37 herritan jaitsi zen parte hartzea oso nabarmen, hamar puntu baino gehiago; bi hiriburutan ere bai, Bilbon eta Gasteizen. Eta beste hauetan: Urnietan, Andoainen, Lasarte-Orian, Altzon, Gaintzan, Lazkaon (Gipuzkoa), Sukarrietan, Derion, Erandion, Leioan, Santurtzin, Portugaleten, Abanton, Ortuellan, Trapagaranen, Barakaldon, Etxebarrin, Basaurin, Galdakaon, Zaratamon, Galdamesen, Sopuertan, Artzentalesen, Balmasedan (Bizkaia), Okondon, Urkabustaizen, Zigoitian, Erriberagoitian, Iruña Okan, Erriberabeitian, Urizaharran, Arraia-Maeztun, Haranan, Navaridasen eta Moredan (Araba). Mapa honetan ikus liteke non gertatu diren jaitsiera eta igoerak.

Duela lau urtetik honako jaitsierarik handiena Erriberabeitian gertatu da (-13,9 puntu), eta, haren atzetik, Etxebarrin (-13,1 puntu). Haranan (-12,7 puntu), Bilbon (-12,4), Balmasedan eta Urkabustaizen (-12,1) izan dira galera handienetakoak. Gasteizen 11,9 puntu jaitsi da parte hartzea.

Bost mahaitan, %30 baino gutxiago

Mahairik mahai ere ikus litezke emaitzak, bozkaleku bakoitzean zer gertatu den sumatzeko, eta, hor, oraindik eta parte hartze txikiagoko leku batzuk agertzen dira. Araban 426 bozkaleku jarri dituzte, Bizkaian 1.400, eta Gipuzkoan, 904. Guztira, 2.730 mahai. Horietatik 124tan parte hartze benetan eskasa izan da, %40 baino txikiagoa. Botoa emateko jarritako mahai guztien %4,5 gelditu dira langa horretara iritsi gabe.

Bizkaian, 79 mahaitan gertatu da hori, Bilboko bozkaleku batzuetan batez ere, baina Ezkerraldeko askotan ere bai —Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi...—. Araban ere mahai askotan gelditu dira %40eko parte hartzearekin baino txikiagoarekin, Gasteizko 28 mahaitan, zehazki. Gipuzkoan, hamazazpi bozkalekutan gelditu dira %40ko parte hartzearen azpitik. Oro har, Gipuzkoan txikiagoa izan da abstentzioa.

Parte hartzerik txikienak izan dituzten bozkaleku horien artean, Gasteizkok bat da kasurik deigarriena: bosgarren barrutiko 6-A mahaian %18,2ko parte hartzea izan dute. Bilboko bost mahaitan, berriz, %30eko parte hartzea baino txikiagoa izan dute. Bizkaiko hiriburuko hirugarren barrutian daude mahai horiek guztiak: 8-U (%24,1), 7-U (%25,8), 10-U (%25,95), 11-U (%28,0) eta 6-U (%29,3). Ikusi mapa honetan bozkaleku guztietako emaitzak.

Parte hartzea gora, hamabost herritan soilik

Beste herri ia guztietan ere egin du gora abstentzioak, kopuru txikiagotan bada ere. Hauteskundeetan parte hartzeak izan duen gainbeheraren seinale da beste datu hau ere: hamabost herritan soilik hazi da parte hartzea. Hauetan: Errezilen, Alkizan, Orendainen, Baliarrainen, Altzagan (Gipuzkoa), Elantxoben, Ibarrangelun, Amoroton, Gizaburuagan, Mendatan, Ajangizen, Garain, Izurtzan (Bizkaia), Lagranen eta Elvilarren (Araba).

Igoera horiek herri txiki bakan batzuetan eta oso modu apalean gertatu dira, dena den: hiru puntu baino gutxiago hazi da parte hartzea, hazi den lekuetan. Salbuespena dira Baliarrain (+5,6 puntu) eta Errezil (+3,4).

Abstentzioaren igoera orokorra izan dela erakusten dute datu horiek, baina badira ifrentzuan dauden herriak. %70etik gorako parte hartzea izan dute 36 herri hauek:

Villabuena: %83,2.
Orexa: %83,1.
Garai: %81,6.
Nabarniz: %81,2.
Zerain: %80,4.
Izurtza eta Arratzu: %79,1.
Murueta: %78,2.
Mendata: %77,8.
Arteaga, Elantxobe eta Ajangiz: %76,5.
Arantzazu: %75,7.
Ispaster: %75,2.
Ea eta Gautegiz-Arteaga: %74,5.
Orendain: %74,2.
Zalduondo: %74,1.
Etxebarria: %74.
Amoroto eta Kortezubi: %73,5.
Gizaburuaga: %72,8.
Añana: %72,5.
Turtzioz: %72,3.
Gaztelu: %72.
Mendexa, Altzaga eta Getaria: %71,8.
Larrabetzu: %71,7.
Mañaria: %71,6.
Kripan: %71.
Otxandio, Dima, Morga eta Forua: %70,7.
Jatabe: %70,4.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.