Katalunia

Torrenten telefonoa espiatu zuten, soilik gobernuen esku dagoen programa batekin

2019an Whatsapp aplikazioak izan zuen akats bat baliatu zuten telefonoan sartzeko. Kataluniako Parlamentuko presidenteak «Espainiako Estatuari» egotzi dio erasoa.

Torrent, telefonoari begira, Kataluniako Parlamentuan. QUIQUE GARCIA / EFE
2020ko uztailaren 14a
09:57
Entzun

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen sakelako telefonoari eraso zioten Pegasus programarekin. Israelgo NSO teknologia konpainiak garatutako espioitza programa bat da, eta gobernuek eta segurtasun indarrek eros dezakete soilik. The Guardian eta El País egunkariek egindako ikerketa baten arabera, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean, Whatsapp aplikazioak izandako akats bat baliatu zuten programa hori munduko 1.400 telefonotan sartzeko. Bideo dei galdu bat zen amarrua.

Torontoko Unibertsitateko (Kanada) Citizen Lab zibersegurtasun taldeak ikertu zuen berehalako mezuetarako aplikazioak izan zuen akatsa. Whatsappek espioiek eraso zieten telefonoak pasatu zizkion ikerketa taldeari, eta haiek eman zuten Pegasusen berri.

Pegasusek aukera ematen du deiak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrera sartzeko, pantaila argazkiak egiteko, nabigazio historia arakatzeko eta kamera eta mikrofonoa aktibatzeko.

Ehunka telefono kontrolatzeko aukera izan zuten. Haien artean, Kataluniako Parlamentuko presidentearena: «Ikerketak identifikatu du zenbaki hori Roger Torrent jaunarena dela», adierazten du Citizen Laben analisiak. Torrent «monitorizatu» zutela erakusten duten «hainbat froga» jaso dituzte.

Pegasus Torrenten telefonoan sartu zuten garaian, hark lekuko gisa deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan. «Gauza arraroak nabaritzen nituen. Whatsappeko mezuak eta elkarrizketen historiak ezabatzen zitzaizkidan. Ingurukoei ez zitzaien halakorik gertatzen», azaldu die politikariak bi egunkariei. Erasoa «Espainiako Estatuari» egotzi dio.

Citizen Labek adierazi du zaila dela jakiten zer-nolako informazioa hartu zuten Torrenten telefonotik. «Pegasusen helburu bat aurkitzen duzunean, gobernu baten aztarnak aurkitzen dituzu». Espainiako Gobernuak The Guardian-i eta El País-i esan die ez dutela horri buruzko informaziorik, eta Espainiako Poliziak eta Barne Ministerioak ez die erantzun. Whatsappek salaketa bat jarri zuen NSO konpainiaren aurka, baina hark esan zuen ez zuela zerikusirik instalazio harekin.

Anna Gabriel CUPeko parlamentari ohiak eta Jordi Domingo Tarragonako Diputazioko (Herrialde Katalanak) langileak eta ANCko eta PDeCATeko kideak salatu dute euren telefonoei ere egin zietela eraso. Domingori Citizen Labetik deitu zioten horren berri emateko. Gabriel Suitzara joan zen, 2018an; atxilotzeko agindua du Espainiako Estatuaren esku dauden lurraldeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.