Euskara

Frantziako Hezkuntza ministerioak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela salatu dute EEPko erakundeek

Hiriburuko eskola publikoan euskarazko esperimentazio proiektu bat abiatu izana ukatu du Bordeleko errektoretzak, eta argudiatu derrigorrezko irakaskuntza frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela.  EEPko erakundeek erran dute «erabaki politikoa» salatuko dutela eta «elkarrekin» aurre eginen diotela.

Alain Iriart, Beñat Arrabit, Benedicte Luberriaga eta Mathieu Berge, gaur arratsaldean, Baionan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 15a
14:39
Entzun

Mehatxua bistakoa da. Azken 12 urteetan Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan martxan ezarri diren «murgiltze ereduaren» esperimentazioak, eta euskarazko irakaskuntza oro har, arriskuan eman litzake Bordeleko (Frantzia) errektoretzaren azken erabakiak, logika bururaino eramanen balute. Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan abiatu nahi zuten esperimentazioa ez onartzea erabaki du, guraso, irakasle eta hautetsien onespena izanik ere. Baina erabilitako argumentua da azpimarragarriena: 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa da 3 urtetik aitzina, eta Frantziako 1958ko Konstituzioak dio derrigorrezko irakaskuntza, frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. Ondorioz, Bordeleko errektoretzak dio ez duela gehiago onartuko murgiltze ereduaren esperimentaziorik. EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek gutun bateratua idatzi zioten Jean Michel Blanquer Hezkuntza Ministerioari uztailaren 7an, eta bilkura ere eskatu diote EEPko administrari eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Ostiralean izanen da Euskal Elkargoaren lehen biltzarra Baionan, ondoko sei urteetarako lehendakaria hautatzeko. Egun horretan, elkargoko biltzarrak euskarazko irakaskuntzaren aldeko mozio bat izenpetzea proposatuko dute.

Prentsa aitzinean agertu dira gaur arratsaldean, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza eta EEP osatzen duten lau partaideetarik hiru: Beñat Arrabit EEPko lehendakaria, eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea, Mathieu Berge Akitania Berriko ordezkari gisa, eta Benedicte Luberriaga Pirinio Atlantikoetako departamenduaren ordezkari gisa. Frantziar estatuak hizkuntza politikaren inguruan azken urteetan Ipar Euskal Herrian sortu den kontsentsua hautsi duela erakutsi nahi izan dute irudi horrekin.  Errektoretzaren erabakia «arriskutsua eta kezkagarria» dela erran du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak, «postura ideologikoa». Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsi eta EEPko lehendakari ohiak «haserrea, sumindura eta ulertezintasuna» aipatu ditu, eta salatu du azken urteetan lortu den «kontsentsu politiko, instituzional eta soziala» zalantzan jarri dutela. Erabaki «ulertezin» horrek «sumindura politikoak» eragin litzakeela adierazi dute, orohar, eta orain arteko esperimentazioen «arrakasta» azpimarratu dute.

2008an hasi ziren Ipar Euskal Herriko eskola publiko batzuetako sail elebidunean ama eskolako irakaskuntza euskara hutsean eskaintzen. Esperimentazioaren bidez egiten da, eta gurasoen, irakasle taldearen eta hautetsien onespena behar du. Urtez urte hedatuz joan da, eta gaur egun sare publikoko 19 eskolatan proposatzen dute aukera hori. Irakaskuntza giristinoko beste 19 eskolatan ere aurkitu daiteke aukera hori.

Ez da lehen aldia Hezkuntza ministerioko administrazioa esperimentazio proiektu bat irekitzearen aurka agertzen dena. Duela urte bat, Irisarriko (Nafarroa Behera) eskola publikoko esperimentazio proiektua ukatu zuen akademia ikuskariak, azken orduan gibel egin aitzin. G7koen Miarritzeko (Lapurdi) goi bileraren giroan kokatu du erabaki hura Bergek. Garai hartan, esperimentazioen ebaluaketa falta aipatu zuen akademia ikuskariak argumentu gisa, lehen urteak osoki euskaraz izateak haurraren irakaskuntzan zuen eragina aztertu behar zuela erranez. Horiek horrela, ama eskolan «murgiltze eredua» segitu duten ikasleen matematikako eta frantseseko maila neurtu dituzte aurten, eta Frantzia mailako emaitzekin konparatu. Emaitzek erakusten dute ez dela irakaskuntza defizitik, baina, gainera, emaitza hobeak eman dituzte bi ikasgaietan lehen urtean, eta frantsesari dagokionez bigarren urtean.

«Euskara hutsezko irakaskuntza premiazkoa da euskararen transmisio eraginkor baterako. Eta, gaitasun berak edo hobeak ematen ditu, irakasle postu berarekin», adierazi dute EEPko ordezkariek. «Euskararen aldeko hizkuntza politikaren eraginkortasunari eta gastu publikoaren optimizazioari, biei zaie baliagarri». Hezkuntza ministerioaren ezezkoa «erabaki politiko inkoherente eta onartezina» dela salatu dute. «Elkarrekin aurre eginen diogu».

Euskara maila hobea

2004an onartu zuten EEPren hizkuntza politika proiektua. Frantziako Estatua, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune elkargoaren partaidetza batea oinarritzen da. 2008an, euskarazko irakaskuntzaren ordu kopurua emendatzeko esperimentazio pedagogikoak abiatzea onartu zuten, aho batez, «eraginkortasun hobea» kausitzeko. Erabaki hori berretsi zuten 2015eko biltzar nagusian, 2017-2022ko hitzarmenean, eta baita 2018ko urriaren 19an «aho batez» onartu zuten EEPren proiektu estrategikoan. Sail elebidunean «euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren kalitatezko egituratzea» hartu zuten oinarri, helburu batekin: «murgiltzearen esperimentazio pedagogikoak garatzea, eta bigarren mailan oren parekotasunera heltzea».

EEPko ordezkarien hitzetan, iraskakuntza da gaur egun belaunaldi gazteenei euskara transmititzeko «bektore nagusia». Baina haien hitzetan, eskola publikoan sail elebiduna abiatu eta 40 urtera, helburu hori «partzialki» baizik ez du betetzen. «Ikasleen heren batek sail elebiduna uzten du kolegiora sartzean. Haatik, Seaskak bultzatzen duen murgiltze sailean, ikasleen hamarretik batek baino gutxiagok uzten du. 2013an egin zuten inkesta batek agertu zituen abandonatze tasaren arrazoiak: lehen maila bukaeran ikasleek zuten euskara maila apalegia. «Ikasleek sail elebidunean jarrai dezaten, kolegiora sartu aitzin duten euskara gaitasuna hobetu behar da, eta horretan, ama eskolako murgiltze irakaskuntza akuilu indartsua da».

2017-2018ko ikasturtean Pirinioetako Akademia ikuskaritzak ezarri zuen azterketa protokoloak irakaskuntza horren onurak erakutsi zituela nabarmendu dute. «Esperimentazioan engaiatu diren eskoletako bakar batek ere ez du gibel egin eta oren parekotasunera itzuli nahi izan». Orain arteko esperimentazioek familien babesa dute, baita berriek ere. Hiriburuko kasuan, gurasoen %86 agertu da prest proiektua abiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.