Edarien sektorea laguntzeko, 50 milioiko funts bat sortu du Jaurlaritzak

Maileguak kapital zirkulatzailearen premiak asetzeko erabili behar dira, eta ezingo dira erabili nekazariei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko.

Adunako sagardotegi bat, maiatzaren hasieran. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 16a
11:56
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro jarriko ditu ardoaren, sagardoaren eta garagardoaren sektorea laguntzeko. Horri esker, gehienez ere 1.5 milioi euroren mailegu amortizagarriak eskatu ahalko dituzte ekoizleek. Kapital zirkulatzailearen beharrak asetzeko erabili beharko dute diru hori, premia horiek edozein direla ere. Zazpi urteko epean itzuli beharko dute dirua, eta nekazariei erositako produktuen prezioak eta bolumenak ezingo dituzte aldatu.

Jaurlaritzak gaur argitaratu du erabakia, EAEko aldizkari ofizialean. Elkargik eta Finantzen Euskal Institutuak parte hartuko dute egitasmoan. Nekafin finantza tresna erabiliko du horretarako. Elkargik % 100 bermatuko ditu maileguak; laguntza jasotzen dutenek erakunde horretako bazkide egin beharko dute eta sozietatearen partaidetzak erosi beharko dituzte, zeinek maileguaren zenbatekoaren % 4 balio beharko duten; zorra kitatzeko orduan, itzuli ahalko dira partaidetza horiek.

Zirkulatzaile premia maximoak kuantifikatzeko, 2020ko ekitaldiko jarduera maila hartuko da adierazle gisa. Maileguaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, berriz, eskatzaileak prozesatzea aurreikusten duen tokiko lehengaiaren bolumena eurotan adierazitako modulu batekin biderkatuko da, zenbateko hauen arabera: mahats kiloko 2,2 euro, Errioxako ardoa egiteko; 3,5 euro, txakolina egiteko mahatserako; 3,5 euro, sagardorako sagar kiloko; eta 5 euro, malta garagarrerako.

Sektorea, «muturreko egoeran»

Sektoreko zenbait eragile Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin elkartu ziren maiatzean, eta alorra muturreko egoeran dagoela helarazi zioten, nazioarteko salmenta bideak eten egin direlako, eta barne merkatuaren motor nagusia, ostalaritza, geratuta egon delako bi hilabetez.

Kopuru batzuk ere eman zituzten: alarma egoera indarrean sartu zenetik, salmentak %70 jaitsi dira, eta urte amaierako irabaziak erdira jaitsiko direla aurreikusi dute. Sagardogileen artean ere, galerak antzekoak dira. Sagardotegietan ostalaritza negozioa dagoenez, ordea, alarma egoerak are kalte handiagoa egin die.

Maileguez gain, Eusko Jaurlaritzak, Hazi fundazioaren bitartez, edarien sektoreari laguntzeko beste egitasmo batzuk abiatu ditu: Ardoa Basque-Wine Office sustapen plana egokituko du COVID-19ak eragindako egoerara, eta hemengo merkatuari begirako kanpainak egingo dituzte, hiru milioi euroko funts bati esker. OCM Ardo Sustapenaren programa ere handituko dute, beste 1.835.730 eurorekin

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.