80 kasu gehiago agertu dira Hego Euskal Herrian

Azken 24 ordutan 58 kasu agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 22  Nafarroan. Beste pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburua agerraldi batean. DAVID AGUILAR
Andoni Rekondo Izagirre - Joxerra Senar
2020ko uztailaren 16a
12:05
Entzun

Bigarren egunez, beste 80 positibo Hego Euskal Herrian. Azken egunetan azaldutako agerraldien ondorioz, gorantz ari dira kasu positiboak eta horietako asko zaintza sistemek fase goiztiar batean atzeman arren, joera kezkagarria da. Jaurlaritzako Osasun sailaren arabera, Gipuzkoan 31 kasu atzeman dira, Bizkaian hogei, Araban bost eta beste bi «Euskaditik kanpo» —ez dute zehaztu euskal herritarrak diren—. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 22 kasu atzeman dira gaur. Gainera, atzo bezala, COVID-19aren ondorioz hildako bat dago.

Nafarroako Gobernuak gaur dei berezia egin die Zarauzko Talai Mendi kanpinean egon diren nafarrei. PCR probak egiteko gertu dago, eta horretarako bertan izan diren herritarrei osasun zerbitzuekin harremanetan jartzera dei egin diete hitzordua hartzeko 646 513 629 telefonoaren bitartez, 09:00etatik 20:00etara. Proba egin bitartean isolatzeko eskatzen du, halaber.

Nafarroan hainbat agerraldi daude. Sunbillakoak ez du kasu gehiago izan, baina Tuterakoan, pertsona bat ospitaleratu da Reina Sofia ospitalean. Osasun departamenduaren arabera, azaleratzen diren kasu gehienak gazteen eta kuadrillen artean eman dira eta horregatik zuhurtziaz jokatzera dei egin du. Departamenduak «zentzua eta ardura» eskatu die gazteei.

Murgaren eskaera

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak azken 24 orduetako datuak aurreratu ditu Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Murgak adierazi du ezen, egoera «kontrolpean» dagoen arren, gaitza «arinago» mugitzen ari dela eta «arduratsu» jokatu behar dela kutsadura gelditzeko. Transmisioaren handitzearen harira, maskararen erabileraz mintzatu da. «Ahal den guztietan» erabiltzeko deia egin du, eta azpimarratu du «pertsona guztien ardura» beharrezkoa dela transmisioa moteltzeko.

Infekzio fokuei dagokienez, horiek kontrolatzeko «zailtasuna» aipatu du Murgak. Horietariko asko aisialdi guneetan sortzen direla adierazi du, eta, horregatik, gogorarazi du garrantzi «handikoa» dela halakoetan maskara erabiltzea. Aisialdiko gune horiek mugatzeko erabakien inguruan, azaldu du gaitza zabaltzea zailduko duen «edozein neurri» hartuko dutela.

Arduratuta dago gazteen kutsatze kasuak direla eta; «mugimendu handiko» jendea denez, horrek transmisioaren abiaduran eragin dezake, sailburuak azaldu duenez. Osasun Sailean aurreikusita daukate pertsona helduak «laster» hasiko direla kutsatzen, haur eta gazteen bitartez, eta kezka agertu du horren harira.

Murgak argi utzi du «kontrolpean» dagoela egoera, eta oraingoz ez dela «neurri zorrotzik» hartu behar. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, eta, eboluzioaren arabera, ez du baztertzen «neurri sendoagoak» hartzea. Ostalaritzaz aritu da, zuzenean; «bezeroen laguntzarekin», sektorea bigarren fasera ez itzultzea, horixe nahia duela, eta azpimarratu du «ardura handiarekin» jokatzen ari direla.

Egungo kasuen gehitzeari buruz, PCR proba gehiago egiten direla esan du Murgak. Aurreko hilabeteetan, soilik sintomak zituztenei egiten zitzaizkien probak; orain, berriz, inguruko jendeari ere bai. Horregatik, errealitatearen «zati handiago bat» ikusten dela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.