Musika

Aurten ez da egingo Donostia Festibala

Irailean hipodromoan egitekoa zen jaialdia 2021era atzeratu dute. Haren ordez, hainbat kontzertu antolatuko dituzte hiriko zenbait lekutan, Donostia Festibala Urban izenpean. La Polla Records taldeak irailaren 26an hipodromoan eman behar zuen kontzertua ere urtebetez atzeratu dute

Donostia Festibalaren oholtza, iaz, hipodromoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Berria
2020ko uztailaren 17a
10:41
Entzun

Irailaren 18an eta 19an egitekoa zen Donostia Festibala, azkeneko urteetan bezala, hipodromoan. Koronabirusaren pandemiak ekarritako egoerak, ordea, ezinezkoa egin du aurten festibala ohiko formatuan antolatzea, eta, ondorioz, antolatzaileek jaialdia urtebetez atzeratzea erabaki dute. 2021eko irailaren 17an eta 18an egingo dute.

Aurten, besteak beste, Kase.O, Los Chikos del Maiz, Lola Indigo, Don Patricio, Fernandocosta, Zetak, La Furia eta Dellafuente ziren parte hartzekoak jaialdian. Antolatzaileek ez dute zehaztu ea programazioa mantenduko duten datorren urtean edo beste artista batzuk ariko diren jaialdian.

Ohiko jaialdiaren faltan, Donostia Festibala Urban deitu duten festibala antolatu dute irailaren 18 eta 19rako. Oraindik ez dute zehaztu zein musikarik hartuko duten parte bertan, baina iragarri dute hiriko hainbat txokotan egingo diren emanaldiek osatuko dutela. Edukierak eta formatuak «gaur egungo egoerara» egokituta egingo dituzte saioak.

La Polla Records ere atzeratua

La Polla Records taldeak irailaren 26an eman behar zuen kontzertua, Donostiako hipodromoan, baina hori ere atzeratu egin dute, eta 2021eko irailaren 25ean izango da. Jaialdi horretan, Aguraingo (Araba) taldeaz gain, El Drogas, Su Ta Gar, Lendakaris Muertos eta Liher ere ariko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.