Igeltsero baten teoriak

Lucio Urtubia militante anarkistak egitearen aldeko apologia bat egin du Donostian, Kortxoenea gaztetxean eman duen hitzaldian: «Zer diferentzia dago ezer egiten ez duen anarkista baten eta ezer egiten ez duen apez baten artean?».

2014ko apirilaren 11n Donostiako Kortxoenea gaztetxean eman zuen hitzaldia Lucio Urtubiak.
2014ko apirilaren 11n Donostiako Kortxoenea gaztetxean eman zuen hitzaldia Lucio Urtubiak. MIKEL P. ANSA Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2014ko apirilak 12

Lucio dokumentala bost haizeetara zabaldu zenetik, hara eta hona dabil (dabilkite). Traje beltza, txapela, eta foulard gorria; anarkisten bandera zaharraren oihartzun bat soinean. 83 urte, eta bastoi bat. Ez du makulu handirik behar, hala ere: lezioa ikasita dauka Lucio Urtubiak, eta mantra bat bezala errepikatzen du borroka hitza —«borroka bizitza da, borroka maitasuna da, borroka dena da»—.

Bizitzaren eta borrokaren eskolan ikasitako esaldiak errepikatzen ditu —«Nafarroa, krimenaren aberria»; «Guk ez genuen ez alpargatarik, ez ogirik»; «Ni ez naiz goseak hil beharrean ibilitako bat besterik»; «Kriminal handi bat izan behar nuen nik, egin ziguten guztia mendekatzeko»—. Etenik gabe errepikatzen dituen mantrak. Harvarden, Murchanten, Sorbonan, Deustun… eta ostiral iluntzean, Donostiako Kortxoenea gaztetxean.

Teoria luze, lauso eta nahasirik ez espero. Leitutakoetatik baino gehiago, bizitakoetatik hitz egingo du Lucio Urtubiak. Aitortuko du ekintzarako «inuxente samarra» izan behar dela; zenbat eta gehiago jakin, orduan eta zailagoa dela ekitea; eta zerbait izan bada, ekintzailea izan dela bera. Eta da oraindik: utopiaren igeltsero bat.

Baina praxisaren apologia horren azala urratuta, azpian badauzka gutxieneko oinarri teoriko sendo batzuk. Kortxoeneako saioan, zer egin behar litzatekeen, nola egin behar litzatekeen… aholku eske galdetzen zioten entzuleek. Erantzunak, sinpleak bezain argiak.

Hitzaldi luze askok baino gehiago esplikatzen du, batzuetan, anekdota xume batek: Ciudad Realen (Espainia) hitzaldi bat eman ostean, CNTren egoitza batera eraman zutela, eta, han, gazteek oso kezkatuta hitz egin ziotela enpleguarengatik, enplegu faltarengatik. «Zer espero duzue, Zapatero [Jose Luis Rodriguez Zapatero, orduko Espainiako presidentea] etortzea lanpostuak ematera? Sortu! Sortu zuek!». Handik gutxira deitu zioten gazte haiek, kooperatiba bat sortu zutela esateko.

Aldarrikatzea eta eskatzea, eskubideak erregutzea, ez da Lucioren bidea. Egin egin behar da. Urtubiaren beste mantra bat: «Egiten duguna gara». Lana nahi bada, lana sortu; jan nahi bada, jatekoa sortu; etxeak nahi badira, etxeak egin.

Hitzaldi luze askok baino gehiago esplikatzen du, batzuetan, galdera sinple batek: «Zer diferentzia dago ezer egiten ez duen anarkista baten eta ezer egiten ez duen apez baten artean?».

Ikasitako esaldiak darabiltza, han eta hemen errepikatzen dituenak; baina zertarako gehiago, esaldi horiek dena laburbiltzen badute? «Nahi duten guztia emanda ere, batzuek ez dute ezer egiten. Eta beste batzuek dena egiten dute ezertxo ere eduki gabe. (...) Ez dira erregimentuak behar. Jarri talde txikietan, lau, sei, hamar lagun, eta egin zuen lanak».

Eta fanatismorik edo dogmarik gabe. Enpresak sortzeagatik kritikatu izan dute Lucio Urtubia; anarkisten erakundeetatik aparte ibiltzeagatik; hau babesteagatik edo hura ez babesteagatik... Baita bikotekidearekin ezkontzeagatik ere. «Nahi dudana egiten dut nik. Nahi dudana egiten dudalako naiz anarkista», esaten du dokumentalean. Gobernuak kritikatuko ditu, «terroristak» eta «kriminalak» direla guztiak. Anarkismoaren dogmatik gertu ibiliko da hor. Baina aurki urrutiratuko da, eta galdetuko du gobernu batek lagundu nahi badu, zerbait ona egiten badu, zergatik ez den onartu behar. Aberastasuna pilatzea kritikatuko du, baina ez dagoela aberastasunaren kontra esanez —miseria ezagutu duenaren posiziotik—. ETAkoak lagunak dituela, baina ez dagoela ados bide horrekin —«badakigu hortik ez goazela inora»—. Hankak lurrean mintzo baita. Hankak lokatzetan.

Adibide bat, beste bat: Kortxoeneako hitzaldian galdetu zioten militante batek kartzelatik ateratzeko barkamena eskatzea zer iruditzen zaion; eta erantzun zuen Mikhail Bakunin ere makurtu zela, ez zezaten urkatu, gero kartzelatik eskapo egiteko. Bizitzea baita lehen baldintza, gauzak aldatu nahi badira. Kartzeletako ateak ireki —anarkisten aspaldiko beste desio bat—, eta kalean bizi, ahal bada. Eta egin. Saiatu. Hanka sartu lokatzetan, eta berriro hasi.

Bizitzaren master iraunkorrak irakatsi diona: talde txikiak, handikeriarik gabe, dogmarik gabe, fanatismorik gabe, eginez, eta eginez, eta berriro eginez. Eta errespetua eta erantzukizuna, oinarrizko bi hankak, lokatzetan sartzeko: «Anarkismoa erantzukizuna da».

«Ez dago ezer ezinezkorik». Munduko banku handienetako bat belauniko jarri zuen 83 urteko aitonak esan du. Sekula pentsatuko ez lituzkeenak egin ditu, sekula pentsatuko ez lituzkeen lekuetara iritsi, sekula pentsatuko ez lukeen jendea ezagutu. «Ez dut ezer sinisten baina dena sinisten dut». Horregatik. Dena baita posible, dena alda bailiteke, eta dena baita ezinezkoa, ezinezkoa izateari uzten dion arte: «Liburu batek edo enkontru batek zure bizitza alda dezake hurrengo goizerako».

Saiatu egin behar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Izpegin jende andana bildu da pasabidearen zerratzea eta Frantziako indar militarren okupazioa salatzeko. ©BOB EDME

Izpegiko pasabideari, mugarik ez

Ainize Madariaga

Nafarroaren zatiketa salatzeko, berrehun lagunetik goiti bildu da Izpegiko lepoan. Frantziaren okupazio militarra ere gaitzetsi dute

Gaur eguerdiko prentsaurrekoa, Iruñean. ©Jagoba Manterola / Foku

«Ziklo bat ixteko garaia da»

Joxerra Senar

Altsasuko gazteek, haien gurasoek eta herri plataformak agerraldi bateratua egin dute Iruñean. Eskerrak eman dituzte azken lau urteetan jasotako elkartasunagatik. 

Imanol Satrustegi historialaria. Tesia egin du Nafarroako ezker iraultzaileari buruz ©Iñigo Uriz / Foku

Utopia helburu

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

NUPeko historialari Imanol Satrustegik 1970eko hamarkadako Nafarroako ezker «iraultzailea» aztertu du, hilaren 29an aurkeztuko duen tesian. «Iraultza xede hartzeak mobilizatzeko balio izan zuen».

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Jaurlaritzak zuhur jokatu behar du»

Jon O. Urain

Anduezak uste du aurrekontu «oso orekatuak» egin dituztela. Pozik dago Eibarren eta Irunen EH Bildurekin eta EPrekin adostu dituztelako 2021erako kontuak: «Onuragarria da udaletan bide horiek esploratzea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.