Tubacexek proposatu du 150 langile kaleratzea Amurrion eta Laudion

Urtean hamar milioi euro aurreztea da enpresa tutugilearen helburua, eta esan du hori lortzeko «beste bide batzuk» azter daitezkeela. Sindikatuek iragarri dute lanpostuak defendatzeko borrokatuko direla.

Tubacexeko langile bat lanean, tutugileak Araban duen fabriketako batean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 22a
13:01
Entzun

Amurrioko eta Laudioko fabriketan 150 langile kaleratzeko asmoa helarazi die gaur Tubacexeko zuzendaritzak hango langile batzordeei. Azaldu die enpresak 2021. urtetik aurrera Araban dituen fabriketan urtean hamar milioi euro aurrezteko beharra duela, eta gehitu du helburu hori lortzeko beste bide batzuk azter daitezkeela. Langileen soldatak eta lan baldintzak murriztea izan daiteke horietako bat.

Arabako tutugileak atzo eman zuen albistea: mundu osoan bostehun behargin kaleratuko ditu, bere lantaldearen %20, eta gaur zehaztu du horietatik zenbat izango diren Euskal Herrian. Duela hiru hilabete murriztu zituen Tubacexek zuzendaritzako kideen soldatak, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aplikatu zien Amurrio eta Laudioko seiehun langileri —guztira zortziehun inguru dira—. Mundu osoan 2.553 behargin ditu.

Tubacexek murrizketak eta dagoeneko hartzen ari diren beste neurri batzuekin 25 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu 2021ean. Haien arabera, soldadurarik gabeko tutu herdoilgaitzen sektorea, Tubacexek egiten duen produktuarena, krisian dago duela urte batzuetatik. Horregatik, gaur langile batzordeei azaldu dietenez, erabakia ez du COVID-19aren krisiak soilik eragin.

Enpresak dioenez, azken urteotan merkatuak bilakaera negatiboa izan du: %50etik gorako beherakada izan da, eta hori are gehiago okertu da petrolioaren prezioak behera egin duelako eta lehia handia delako.

Sindikatuak, borrokara

ELA sindikatuak adierazi du Tubacexek etekinak milioika pilatu dituela azken urteetan: «Kezkatzekoa da zuzendaritzak COVID-19aren osasun krisia baliatu nahi izatea era guztietako murrizketak egiteko». Sindikatuak argi utzi du enpresako zuzendaritza aberastu egin dela urte oparoetan, eta orain abagunea baliatu nahi duela lan baldintzei erasateko. Horregatik, borrokara joko duela iragarri du.

Horrez gain, ELAk kritikatu egin du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak atzo erakutsitako jarrera; hark esan zuen Tubacexena oso albiste txarra dela baina «errealismoarekin» onartu behar dela. Sindikatuak enpresari kritikarik ez egin izana gaitzetsi du, baita langileekiko elkartasunik adierazi ez izana ere: «Tamalez, sailburua berriz ere patronalaren alde lerratu da».

TTI-Aceralava enpresako langile batzordearen iritziz ere diskurtso merkea da Tapiarena, eta euren lanpostuak defendatzeko eskatu diote. Haien iritziz, begi bistakoa da enpresaren asmoa dirua irabaztea dela, «euren esfortzuarekin enpresa mundu mailan kokatu duten langileak eta euren familiei garrantzirik eman gabe», eta enpresaren jokabidea harrigarria dela esan dute: «Berriz martxa hartu baino lehen erabaki dute bide erreza hartu eta langileak kaleratzea».

Langileen ordezkariek argi utzi dute ez dutela «neurri traumatikorik» onartuko, eta euren lanpostuak defendatuko dituztela: «Egungo hitzarmena betetzeko dago, eta Laudion eta Amurrion lana sortu eta inbertsioak egiteko hitza eman zuen zuzendaritzak; non dago haien hitza orain?»

Egoera txarra, zalantzan

Atzo, LAB Sindikatua izan zen Tubacexen asmoa gaitzetsi zuen lehena; haien iritziz ere, tutugilearen kontuen eta balantzeen azterketa eginda, «argi ikusten da nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa». 

Urte hasieran, tutugileak 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburutzat bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Ekainaren bukaeran, taldeak esan zuen urtea galerekin itxiko duela, baina zehaztu zuen azken buruko galerak izango direla, amortizazio eta besteengatik, eta taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe». Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu zuen.

Beraz, LABen ustez, enpresa enplegua suntsitzera eraman duena ez da COVID-19ak sortutako egoera: «Tubacexek urteak daramatza barne mailan berregituraketa bat egingo duela iragartzen, lan harremanen eredu berri bat ezarri nahi baitu, langile merkeak eta malguak kontratatzeko modua emango diona»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.