Artea

Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea saridunak

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Irazu; sormen-jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik, Zugaza. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, Bilboko Guggenheim museoan.

Irazu, Zugaza eta Lertxundi, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2020ko uztailaren 22a
13:25
Entzun

Pello Irazu eta Laida Lertxundi artistek eta Leopoldo Zugaza kultur sustatzaileak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako lanaren aitortza gisa banatzen ditu sariok, urtero, eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak jakinarazi ditu aurtengo sarituen izenak, Mikel Onandia epaimahaiburuaren laguntzaz. Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian izan dira Irazu, Lertxundi eta Zugaza ere, eta bihotzez eskertu dute aitortza. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, udazkenean egingo dute, Bilboko Guggenheim museoan. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Zupiriak nabarmendu du bi helburu dituztela Gure Artea sariek: artearen arloko profesionalei aitortza egitea, batetik, eta haien lana ikusgarri egitea, bestetik. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Irazu; sormen jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik, Zugaza. Onandiak azaldu ditu hiru sarituei aitortza egiteko epaimahaiak hartutako erabakiaren arrazoiak —harekin batera, Miren Arenzanak, Lucia Agirrek, Oier Etxeberriak eta Sahatsa Jauregik osatu dute aurtengo epaimahaia—.

Pello Irazu (Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatean)

Pello Irazu Mendizabal (Andoain, Gipuzkoa, 1963) artistari bere ibilbide osoa aitortu diote. Izan ere, epaimahaiaren aburuz, «funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman» eta 1980ko hamarkadan egin zen «euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat» ere bada. «Zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman», jaso dute ebazpenean. Epaimahaiak gogora ekarri du haren lanaren funtsa eskultura dela, argazki, marrazki eta pintura muralekin tartekatzen duena, «bere espektrorik zabalenean: tamaina txikiko hiru dimentsioko proposamenetatik hasi eta instalazio kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean direla». Erabilitako diziplinaz aparte, epaimahaikideen hitzetan, Irazuren lanak «oso modu zehatz batean heltzen die gure gorputzen, objektuen eta espazioen arteko erlazio anitzetan sortzen diren arazoei». Eta gaineratu dute «halako begirada berezi bat» duela artistak: «Aurrez aurre jartzen gaitu obrarekin, erosotasun bitxi batez baliatuta: giza eskalatik eta eguneroko objektutik eratortzen den zera hori, lehenik mozorrotua, gero aldarazia eta azkenik transformatua».

Bere ibilbide luzean, nazioarteko hainbat arte ekitalditan parte hartu izan du Irazuk, tartean Veneziako Bienal, eta arte erakunde askok dituzte haren lanak beren bildumetan, bai Euskal Herrikoek —Gasteizko Artium, Bilboko Guggengeim eta Arte Ederren museoa nahiz Donostiako San Telmo, besteak beste—, bai nazioartekoek —Bartzelonako MACBA, Madrilgo MNCARS, Vienako MUMOK, Chicagoko Museum of Contemporary Photography, San Diegoko Museum of Contemporay Art...—. Halaber, hainbat erakusketa monografiko egin ditu artistak.

Laida Lertxundi (Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean)

Laida Lertxundi del Campok (Bilbo, 1981) jasoko du aurtengo saria, Sormen-jarduera aitortzeko modalitatean. Artistak bideotik eta idazketatik lan egiten du, «eta bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen ditu, nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zinema aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz», epaimahaiak bere ebazpenean azaldu duenez. Nabarmendu du Lertxundik erreferentzia gisa artearen eta zinemaren historiaren formatu tradizionalak hartu dituela, eta horien gaineko begirada kritikoa ere egin duela. «Haren obran etengabeak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak, eta islatuta ageri dira bere obra osoa zeharkatzen duen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo Pop mugimenduaren berezko estrategietan».

Halaber, epaimahaiak azpimarratu du askotariko erreferenteak dituela: «Lertxundiren praktikan jatorri desberdineko erreferenteak batzen dira, bere bizi ibilbidearen parte diren tokien aipuak, bere irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eraikitako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute».

Lertxundi New Yorkeko Bard Collegen lizentziatu zen Arte Ederretan, eta Maya Deren Film Award saria lortu zuen bertan graduatu zenean. Kaliforniako CalArtsen ere egin zituen ikasketak. Hainbat erakusketa izan ditu ikusgai nazioartean, tartean Madril, Stockholm, Milan, Seul, Los Angeles eta New Yorken, baina baita Bilbon eta Donostian ere. Bestelako arte ekitaldietan ere parte hartu du, horien artean Whitney Museum of American Arten Bienalean, Osloko LIAFen eta Lyongo Arte Garaikideko Bienalean.

Leopoldo Zugaza (Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean)

Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, Bizkaia, 1932) ere saritu du epaimahaiak, «Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta. Artearen munduarekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza, eta haren jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen ere, bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu dutenak. Izan ere, artea eta kultura, orokorrean, jendearengana hurbiltzera bideratutako lana da, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik», jaso du epaimahaiak bere ebazpenean.

Epaimahaikideen iritziz, «kalitate nabarmena erakutsiz» hartu du parte Zugazak kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan: ikerketan, prestakuntzan, sorkuntzan, sustapenean eta banaketan. Horregatik, epaimahaikideen ustez, «euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe». Kulturari lotutako beste alderdi batzuen artean, «oso zeregin garrantzitsua» izan du arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko bidean, eta «interes berezia» agertu izan du abangoardiako euskal artisten sorkuntza zabaltzeko zereginean.

Lan horretan ibilbide luzea egin du Zugazak. Gerediaga Elkartearen sortzaileen artean egon zen 1965ean, eta frankismo garai betean sustatu zuen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, baita arte garaikideko lehen erakusketak antolatu ere. 1970ean, Durangoko Udal Kultura Aretoak bultzatu zituen, hurrengo 25 urteetan Euskal Eskolako ordezkari nagusiak eta promesa gazteak hartu zituztenak, Euskal Herrian abangoardia sortzeko ezinbesteko erreferentzia bilakatzeraino. 1978tik aurrera, erreferentziazko egitasmo eta erakusketa gune ugari, ikerketa bekak eta argitalpenak jarri zituen abian, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultura Saileko arduradun zela. Bestalde, Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko lehendakariorde gisa, erakundea handitzeko eta modernizatzeko proiektuaren buru izan zen. Horretarako, funtsak berregituratu, erakusketa programazio berri bat egin eta erosketa politika sustatu zituen. Hainbat museo erakunderen sorkuntza ere bultzatu zuen, hala nola Durangoko Arte eta Historia Museoarena, Gernikako Euskal Herria Museoarena eta Zarauzko Photomuseumarena. 1981ean, halaber, Arteder arte garaikidearen azoka antolatu zuen.

Edonola ere, editore gisa egindako lana goraipatu dio epaimahaiak, «bere fazeta garrantzitsuenetako bat» dela azalduz eta haren ezaugarri nagusiak «aniztasuna eta konplexutasuna» izan direla azpimarratuz: «Kultur ekoizpen eta erakusketa-ekimen ia guztiekin batera, oso argitalpen zainduak kaleratu izan ditu, arte plastikoei lotuta arreta berezia jarri izan baitu beti ekoizpen editorialean, eta horren erakusgarri dira hark editatu izandako aldizkariak, katalogoak, azterlan monografikoak eta ikerlanak artistei buruz».

Labayru Institutuko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide izan da Zugaza, eta azken urteotan Manuel de Larramendi Institutu Bibliografikoa eta De re bibliographica aldizkaria sortzeko lanetan jardun du. Eusko Ikaskuntzako ohorezko kide izendatu zuten 2006an, eta hainbat sari jaso izan ditu, tartean, Sabino Arana saria (2015), Urrezko Domina Arte Ederretako Merezimenduari (2016) eta Photoespañak emandako Bartolomee Ros saria (2018).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.