Ingurumena

Mikroplastikoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko marrazoetan

Aztertu dituzten 46 marrazoetatik %67k zuntz artifizialak eta mikroplastikoak dituzte urdailean.

Marrazoak AEBn egindako ikerketa batean. GLOBAL FINPRINT / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko uztailaren 23a
18:31
Entzun

Exeter Unibertsitateko ikertzaile talde batek Erresuma Batuko kostako itsas hondotik gertu bizi diren marrazoak aztertu ditu, eta Scientific Reports aldizkarian argitaratu du lana. Greenpeace elkarteko zientzialari batzuen laguntzaz, hainbat sakoneratako —bost metrotik 900 metrora— lau marrazo espezie aztertu dituzte.

Ikerketaren arabera, aztertu zituzten 46 marrazoetatik %67k zuntz artifizialak eta mikroplastikoak dituzte urdail eta digestio hodietan. Guztira 379 partikula aurkitu dituzte, eta, nahiz ez jakin zer eragin duen animalietan, aurkikuntzak agerian utzi du gaur egun dagoen plastikoaren kutsadura.

Kristian Parton ikerketaren egile nagusiak adierazi duenez, mikroplastikoez gain «zelulosa sintetikoa bezalako partikulak aurkitzeak harritu» zuen. Partikula horiek ehunetan, erabili eta botatzeko higiene produktuetan —maskaretan, esaterako— eta arropan daude. Izan ere, arropa garbitzean «zuntz txiki-txikiak askatzen dira, eta sarritan iturri hidrikoetan amaitu eta itsasora irits daitezke». Zuntz txiki horiek itsasora iristean, «ur gainean gelditu edota hondora daitezke», eta marrazoek euren harrapakinen bidez edo «itsas hondoan dauden sedimentuen bitartez» irensten dituzte.

Lanaren emaitzen arabera, marrazorik handienek dute mikroplastiko eta zuntz gehien, baina ez da sexu edo espeziean oinarritutako desberdintasunik aurkitu.

Ikerketa Kornualles konderrian egin da, Ingalaterrako hego-mendebaldean. Ipar-ekialdeko Atlantikoan, Itsaso Zeltikoan eta inguruetan legatz arrantzan nahi gabe harrapatutako marrazoak dira aztertutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.