Zinema

Olivia de Havillanden heriotzarekin, Hollywooden garai bat amaitu da

Aktoreak 104 urte zituen, eta besteak beste 'Gone With The Wind', 'The Adventures of Robin Hood' eta 'The Heiress' film klasikoetako izarra izan zen.

Olivia de Havilland, 2011ko argazki batean. IAN LANGSDON / EFE
mikel lizarralde
2020ko uztailaren 27a
11:19
Entzun

Hollywoodeko garai loriatsuaren ordezkari nagusietakoa izan zen Olivia de Havilland (Tokio, 1916). Estudio handiek zinemaren makinaria guztia gidatzen zuten aroan eta star-system-a puri-purian zegoenean, haren izena letra larriz ageri zen parte hartzen zuen film bakoitzean. Eta, hala eta guztiz ere, sistema horren beraren eta aktoreei ezartzen zizkien kontratu hertsien kontra altxatu zen lehen aktoreetako bat ere izan zen De Havilland. Aktorea larunbatean hil zen, Parisen, Hollywood klasiko haren azken ordezkari bilakatuta otsailean Kirk Douglas hil ondoren.

De Havillanden izena beti azaltzen da Gone With Wind filmari lotuta (Victor Fleming, 1939), nahiz eta haren jarduera askotarikoa izan zen, eta hamaika generotako lanak egin zituen. Baina Gone With The Wind-en itzala luzea da, Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxearen produkzioa inoizko filmik handiena izateko asmoarekin berarekin jaio baitzen. Film horretan Scarlett O'Hararen rola jokatzeko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen Melaniarena jokatu, eta horrek Oscar sarietarako lehen izendapena eman zion bigarren mailako aktore gisa. «Nahiago ditut neska onen rolak, aktore gisa gehiago eskatzen dizutelako. Gaiztoen rolek aspertu egiten naute». Ez zuen saria irabazi, baina AEBetan Sezesio Gerran girotutako drama hark izar bilakatu zuen ezbairik gabe.

Ordurako aktore ezaguna zen De Havilland, batez ere Warner Bros major-arentzat egindako abentura filmengatik. Alibi Ike (1935) izan zen egin zuen lehen lana, baina 1935ean Michael Curtizen esanetara filmatutako pelikulak bihurtu zuen ezagun: Captain Blood. Abenturazko film hartan, Errol Flynn izan zuen lagun, eta zenbait urtez luzatuko zen bikote zinematografikoaren lehenengo lana izan zen. Gero iritsiko ziren The Charge of the Light Brigade (1936), The Adventures of Robin Hood  (1938), Dodge City (1939), The Private Lives of Elizabeth and Essex (1939) —guztiak Curtizek zuzenduak—, eta Raoul Walshen They Died with Their Boots On (1941).

Joan Fontaine aktorearen ahizpa zen De Havilland, eta 1941n Oscar sarietarako izendatuak izan ziren biak. De Havilland, Hold Back the Dawn filmagatik (Mitchell Leisen); Fontaine, Alfred Hitchcocken Suspicion lanagatik. Sari nagusia Fontainerentzat izan zen, eta handik gutxira elkarri hitz egiteari utzi zioten.

1940ko hamarkadan bere unerik onena bizi izan zuen De Havillandek. Lau aldiz egon zen Oscar saria jasotzeko hautagaien artean, eta 1946an lehendabizikoz jaso zuen, To Each His Own I. Mundu Gerran girotutako draman egindako lanagatik. Handik lau urtera berriro altxatu zuen garaikurra, Wiliam Wylerren beste drama batekin, The Heiress-ekin. Hamarkada hartan beste hainbat film aipagarri egin zituen; haietako pare bat, zinema beltzaren kodeekin jokatzen zuten suspentsezko lanak: The Dark Mirror eta The Snake Pit.

Baina 1940ko hamarkada beste arrazoi batzuengatik ere izan zen garrantzitsua De Havillandentzat. Garai hartan, kontratua zuen Warner Bros etxearekin, eta 1943an haren kontra egin zuen sinatutako kontratuaren baldintzak bidegabeak zirelakoan aktorearentzat. Bi urte geroago, epaitegi batek arrazoia eman zion aktoreari, eta epai horrek berak aldarazi egin zuen estudioen eta izarren arteko harremana.

1950eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, De Havillandek murriztu egin zituen bere lanak, Parisera bizitzera joatearekin batera. Nolanahi ere, artean hainbat pelikula egin zituen: The Proud Rebel westerna (1958), Not as a Stranger drama eta, guztien gainetik, Hush... Hush, Sweet Charlotte (Robert Aldrich, 1964), Bette Daviseki batera egindakofilm goraipatua.

[youtube]https://youtu.be/_pgvnxeEFkw[/youtube]

Handik aurrera, ordea, telebistarako lan apur batzuk baino ez zituen egin, The Woman He Loved telefilmarekin (1998) bere ibilbide zinematografikoa itxi baino lehen.

1965ean Cannesko Zinemaldiko epaimahaiko presidentea izan zen. Zeregin hori eman zioten aurreneko emakumea izan zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.