Ardoaren sektoreak 4,3 milioi euroren laguntzak jasoko ditu Nafarroan

Merkatua arautzeko, laguntzak emango zaizkie upeltegiei eta mahastizaintzan aritzen direnei, baita salmenta zuzeneko laborariei eta ekoizle artisauei ere

Mahasti bat, Erriberrin, 2012an. LANDER FDZ ARROIABE
joxerra senar
2020ko uztailaren 27a
12:34
Entzun

Likidezia arazoak gainditzen laguntzeko, ardoaren sektorearentzat hainbat neurri iragarri ditu gaur goizean Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak. Guztira, 4,3 milioi euroren laguntzak dira. Itziar Gomez kontseilariaren arabera, neurriok «laborantza enpresen lehiakortasuna bermatuko dute, ustiategien bideragarritasuna ziurtatu, eta, garrantzitsuena, landa eremuaren garapen ekonomikoari eta enpleguari eutsiko diete».

Gaur aurkeztutako neurriok bi pakete nagusi dituzte. Alde batetik, bi milioi euro inguru Europako Batasunak sektorearentzat ezarritako laguntzak eta osagarriak izango dira. Bestetik, konfinamenduan, ostalaritzaren itxierak gogor jo ditu salmenta zuzenean aritzen diren ekoizleak, eta, aurrekontu bidez, beste bi milioi euro inguru banatuko ditu. Neurriak 950 ekoizle artisauri eragingo die, eta gehienak, 700 inguru, ardo sektorearen badaude ere, gazta edota eztia egiten dutenei ere lagunduko diete.

Europako laguntzak

EBk hiru laguntza lerro jaso ditu sektorearentzat, merkatua arautzeko asmoz. Hamasei upeltegik destilatutako ardo litro bakoitzeko 40 zentimo jasoko dituzte: hau da, 17.035 hektolitro ardogatik 691.000 euroko laguntza jasoko dute. Laguntza horretan mahaiko ardoa sartzen ez denez, Nafarroako Gobernuak hiru upeltegiri  246.000 euroko laguntza emango die; kasu honetan, litroko 30 zentimo jasoko dute (13.000hl guztira). Gainera, 119.000 hektolitro ardo biltegietan gordetzeagatik, 28 upeltegik 895.000 euro jasoko dituzte. Azkenik, mahastizaintzan aritzen direnen artean, 67 hektareako uztagatik 149.384 euro banatuko dituzte.

Laguntza horiek Bruselak finantzatuko ditu, baina Nafarroako Gobernuak 246.000 euroren laguntzak ezarri ditu babes neurri horietan sartzen ez diren ardo motentzat, osagarri gisa.

Bruselatik etorriko den laguntza horrez gain, ostalaritzaren itxierak kalte egindako laborarientzako neurriak jaso ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira bi milioi euro dira, eta hiru onuradun talderi zuzenduta daude: mahastia edo basarana landatzen dutenak; eztia, arrautzak, barazkiak eta bestelako produktuak salmenta zuzen bidez merkaturatzen dituztenak; eta, azkenik, batik bat ardo, patxaran edo esnekien ekoizle artisauak.

Gainera, 295.000 euro banatuko dira sor-marken kontseilu arautzaileen artean, euren produktuen sustapenean laguntzeko. 175.000 euro Nafarroa sor-markaren kontseiluarentzat, 40.000 Errioxa jatorri izenarentzat, 60.000 Idiazabalgo eta Erronkariko gaztaren jatorri izenarentzat, eta 20.000 euro Nafarroako Patxarana Adierazpen Geografiko Babestuarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.