INGURUMENA

Hartz zuriak, 2100. urterako galtzeko zorian

Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, hartz zuriak klima aldaketaren ondorioz galduko dira.

Hartz zuri bat janari bila, Alaskan. JIM LO SCALZO / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko uztailaren 28a
16:14
Entzun

Klima aldaketa dela eta, hartz zuriak 2100. urterako galduko direla ondorioztatu du Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Aurkeztutako txostenaren arabera, planetaren berotzeak Artikoko izotza murriztea eragingo du, eta, horrekin batera, hartz zuriak galtzea.

Animalia horien iraupenak lotura zuzena du Artikoko izotzarekin; izan ere, Peter K. Molnar Torontoko (Kanada) Scarborougheko Unibertsitateko irakasle laguntzaile eta ikerketaren egileetako batek adierazi duenez, hartzek izotza behar dute euren harrapakinak ehizatzeko, eta, «izotza izan dezaten, klima aldaketa kontrolatu behar» da.


Hartz zuri bat izotz zati baten gainean, harrapakina jaten. COMM PHOTO / EFE

Ikertzaileek iragarri dutenez, izotza urtu ahala, datozen urteetan, hartzak gai diren baino gehiago egongo dira behartuta barau egitera. Izotza haustearen eraginez, animaliak distantzia luzeetan edota kostalderantz noraezean ibiltzera behartuta egongo dira, janaria bilatu eta euren kumeak elikatzeko. Baina, Molnarrek adierazi duenez, «ez dago lurrean hartz zurien populazio bati eusteko adina janari».


Bi hartz zuri izotz bloke batetik bestera mugitzen, Alaskan. GREENPEACE HO / EFE

Ikerketan ondorioztatu dutenez, hartzak janaririk gabe iraun dezakeen denbora aldatu egiten da eskualdearen eta animaliaren izaeraren arabera. Hala ere, kumeek sumatzen dute lehenik baraualdi luze baten eragina. Ikertzaileek jakinarazi dutenez, haien ondoren, kumeak dituzten eme helduak dira, oro har, ahulenak; gero, ar helduak; eta, azkenik, eme bakartiak —kasu batzuetan 255 eguneko baraua egin dezakete—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.