Nafarroak bere defizit helburua handitzea adostu du Madrilekin

Irailean berrikusiko dute, egoera ekonomikoaren arabera. Orain arte, %0an zegoen, eta, orain, %2,3 izango da. Egoera berrikusteko, Eusko Jaurlaritzak biltzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.

Aierdi kontseilaria eta Txibite lehendakaria, Nafarroako Parlamentuan
Aierdi kontseilaria eta Txibite lehendakaria, Nafarroako Parlamentuan Jesus Diges (Efe) Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko uztailak 30

Nafarroako eta Espainiako gobernuek akordio bat lortu dute defizit helburu berri bat ezartzeko: % 2,3. Nafarroaren kasuan, %0 zen. Gainera, asteazken arratsaldean adostutakoaren arabera, datozen asteetan berrikus dezakete kopuru hori, «egoera ekonomikoak» hala eskatzen badu. Zehazki, irailean aztertuko dute berriro egoera, eta konpromisoa hartua dute bi aldeek betiere «goranzkoa» izateko. Hori guztia iritsi zain, defizitaren helburua %2,3ra handituta, 490 milioi euro gehiago gastatzeko aukera izango du Nafarroak. Zorpetzearen bidez lortu beharko du diru hori, nolanahi ere.

Hala ere, beharrak askoz ere handiagoak dira. COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, foru gobernuak aurreikusi zuen diru bilketak behera egingo zuela, eta «beharrezkotzat» jo zuen beste defizit helburu bat ezartzea. Nafarroako Gobernuak maiatzean kalkulatu zuen 818 milioi euro inguru izango dela diru sarreren jaitsiera, eta oraingoz ez du berrikusi kopuru hori. Halaber, pandemiak eragindako ondorio ekonomiko sozialei eta osasun beharrei aurre egiteko gastu publikoa 190 milioi euro handitu da. Guztira, mila milioi euro inguruko desoreka finantza publikoetan, hortaz.

Oraingoz, 235 milioi gutxiago

Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzetan, alarmak ez dira piztu, baina «egoera kezkagarria» da. Urte osorako aurreikuspenez harago, ekainera arteko zerga bilketaren datuak txarrak dira. Ekainera arte, iragan urtean epe berean baino 235 milioi euro gutxiago bildu ditu ogasunak (-%15,2). Erorikoa batik bat zeharkako zergetan eman da, 224 milioi euro gutxiago (-%27) bildu baitira. Zuzenekoetan eta tasetan, aldiz, 6,9 milioi eta 4,4 milioi euro gutxiago, hurrenez hurren. Errenta kanpainak, adibidez, 32,3 milioi euroko saldo positiboa utzi du.

Egoera horri aurre egiteko, Maria Txibitek azaldu duenez, akordioak gehiago zorpetzeko modua eman dio gobernuari. Horren helburua izango da «inor atzean ez uztea eta murrizketarik ez egitea». Txibitek zehaztu duenez, Madrilek erkidegoentzat sortutako 16.000 milioi euroko funtsaren kontzeptuak «argituz doaz». Hala, osasun gastuari aurre egiteko, gaur bertan, 88,7 milioi euro jaso ditu, eta espero da irailean 29,2 milioi euro jasotzea hezkuntza beharrei aurre egiteko. Azaroan, berriz, osasunerako beste ordainketa bat egingo du Madrilek, baina ez du zehaztu zenbatekoa. Txibitek aurreratu du guztira 160 milioi euro inguru jasotzea espero dutela funts horretatik.

Hala ere, azken asteetan jakin denez, Madrilek 5.000 milioi euroko banaketatik kanpo utzi ditu Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Txibitek, kopuru hori aipatu gabe, zehaztu du ogasun propioa izateak «beste egoera batean» uzten duela Nafarroa, baina «bide batetik edo bestetik» likidezia bermatuko dela. Txibitek iradoki du zorpetzera joko dutela, eta, hala, oraingoz, Madrilekin BPGaren %2,3ko defizita hitzartu dute. Txibiteren arabera, «akordioa itxita» dago, baina lehen urrats bat da: «Ezin dugu zorpetu aldebakarreko erabakiak hartuta. Akordio bidez egin behar dugu, eta horregatik eskatzen dut demagogia alde batera uzteko». Berretsi du akordioa ona dela, eta, konfiantza giroan, harreman ona duela Espainiako Gobernuarekin.

Alderdien posizioak

Navarra Sumako Javier Esparzak eskatu dio Txibiteri Nafarroaren interesak defenditzeko, Pedro Sanchezen interesen gainetik jarrita. Haren hitzetan, ez da ulertzekoa zergatik Espainiako Gobernuak utzi duen Nafarroa 5.000 milioi euroko funtsaren banaketatik kanpo. Gogorarazi du EAJk erabakia irmo kritikatu duela, eta, horregatik, Esparzak ez du ulertzen zergatik «Nafarroako Gobernuak ez duen txintik esan». Defizitaren helburua hitzartzea ontzat jo arren, haren ustez, testuinguru orokorra kontuan hartu behar da, eta ikusi nola geratzen diren beste erkidegoak eta EBko herrialdeak, hain zuzen, akordio ona den edo ez jakiteko. Esparzaren arabera, kopuru horiek ez dute ematen finantza publikoetan sortuko den zuloa estaltzeko.

Geroa Baiko Uxue Barkosek «arindua» hartu du. Airef, Erantzukizun Fiskalerako Agintaritza Independentea kalkulatu du Nafarroak aurten ahalmena duela zorpetzeko BPGaren %2,3 eta %4 artean, eta Barkosi deigarria egin zaio tarte horretako alderik «gogorrena» hitzartzea. Halaber, kezkatuta azaldu da nola parte hartuko duen Nafarroak Espainiako zorpetzean. izan ere, gogorarazi du ekarpenean Espainiaren interesak ordaintzen dituela Nafarroak nahiz eta finantzaketa sistema autonomoa izan. Paradoxikoki, Madrilek 5.000 milioi euroko funtsetik kanpo utzi duen honetan, uste du «lantzen hasi» behar dela ondoren zor hori ez pagatzeko interesetan.

EH BIlduko Adolfo Araizek ongietorria egin dio «lehen urrats horri». Hala ere,  haren ustez, Nafarroak ezin du etengabe zorpetzearen bidetik jarraitu, eta funtsezko deritzo zerga sistema propioa baliatzea, «diru sarrerak sortzeko ahalmenari eusteko». Gogorarazi du, aurten, diru sarreren erorketak eta gastu publikoaren igoerak mila milioi euroko zuloa uzten duela. Hala, Araizen esanetan, gaurko akordioarekin 490 milioi euro lortuko dira; horrekin batera, iazko superabitak 131 milioi utzi ditu, Tokiko Ogasunen Funtsean 25 milioiren soberakinak daude, Hezkuntzarako zein osasunerako Madrilek 29 milioi eta 88 milioi euro banatuko dizkio. Hala, Araizen kalkuluen arabera, 763 milioi lituzke Nafarroak, eta «ez da nahikoa» mila milioiko zuloa estaltzeko. Araizek gogorarazi du Europako dirua datorren urtean iritsiko dela. Horregatik, zerga sistemaren erreminta baliatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, diru sarrera propioak lortzeko. «Bestela, murrizketak etorriko dira»

Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, «zorpetzea ez da nahikoa. Zorpetzeak arnasa emango digu, baina eredua aldatu behar da». Argitu dio eskatzeko nola lehenetsiko dituen aurrekontu sail batzuk besteen gainetik, «murrizketarik egin gabe». «Bat nator ez dela murrizketen ordua, baina horretarako abagunerik ez da ez orain ez inoiz». Zerga erreformaren bidea hartzeko eskatu dio, diru sarrerak handitzeko asmoz.

Azpiazu: «EAErako ez da nahikoa»

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du Nafarroak Espainiako Gobernuarekin adostutako %2,3ko defizit helburua ez litzatekeela nahikoa izango EAE Euskal Autonomia Erkidegorako.

Hori izan beharko lukeen argitzeko, uste du Madrilek lehenbailehen deitu beharko lukeela Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistora. Gogoratu du bilera hori uztaileko lehen astean egiteko «konpromiso politikoa» zegoela, baina, azkenean, ez dutela egin.

Azpiazuk nabarmendu du Jaurlaritzak «argi» izan nahi duela zein den bere defizitaren egoera, zorpetu ahal izateko, 2021erako aurrekontuak zehazteko eta «gastu publikoari eutsi ahal izateko».

Ogasun sailburuak esan du gobernuaren kontuak «onbideratuta» daudela eta zorpetzera jotzeko «tartea» duela. Zorpetzearen inguruan, ohartarazi du horrekin zer egin, nola pagatu pentsatu behar dela. «Aztertu beharreko gaia da; ezin dugu eztabaida hori saihestu». Zergak igotzea izan daiteke horretarako aukeratako bat, baina, sailburuarentzat, orain horri buruz hitz egiteak «arreta desbideratuko» luke.

Azpiazuk ohartarazi du aurreikuspen ekonomikoak oso txarrak direla. Azpimarratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiek «hondoa jo» dutela du, baina espero duela urteko hirugarren eta laugarren hiruhilekoetatik aurrera «egoera hobetzea». «Desio bat da, datu ekonomikoetan oinarritutakoa».

Enpresen konfiantza eta merkatuena «apur bat hazten» ari dela adierazi du; dena den, oraindik ere ziurgabetasuna handia dela uste du, eta susperraldi ekonomikoa pandemiaren eboluzioaren araberakoa izango dela. Orain arteko aurreikuspen ekonomikoak irailean berrikusiko dituztela adierazi du, eta aitortu du osasun krisiaren hasieran egindako aurreikuspenetan ez zutela asmatu: ekonomia %13 jaitsiko zela uste izan zuten, eta, azkenean, %20 jaitsi da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Gasteizko zahar etxe bateko egoiliar bat bisita jasotzen. ©David Aguilar/EFE

Arabako eta Gipuzkoako zahar etxeetako hamar langilek positibo eman dute

Berria

Gainerako langileei eta egoiliarrei probak egin dizkiete, eta ez da kasu gehiago atzeman oraingoz.

Maskara jantzitako emakume bat Donostiako autobus geltokian, eskailera mekanikoak jaisten. ©Gorka Rubio / FOKU

Pandemiak desberdintasunak sakondu dituela dio Emakunderen txosten batek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gizon eta emakumeen osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea azken hilabeteotan nola aldatu diren aztertu du Emakundek. Egoera hobetzeko gomendioak egin dizkie erakundeei.

Emmanuel Macron Miarritzen (Lapurdi), artxiboko irudian. ©Bob Edme

Zaintza langileentzako sari bat hitzeman du Macronek

Oihana Teyseyre Koskarat

Adinekoez eta elbarrituez arduratzen diren zaintzaileek 1.000 euroko «COVID saria» jasoko dute. Frantziako Estatuak 80 milioi euroko diru laguntza emanen die departamenduei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna