Pasaiako portuko presidenteak dimisioa eman du

«Autonomia falta» eta «presio mediatikoa» argudiatu ditu Felix Garziandiak. Azpimarratu du portuaren etorkizuna ziurtatuta dagoela.

Merkantzien garraiorako barku bat Pasaiako portuan. JUAN HERRERO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 30a
13:58
Entzun

Felix Garziandia Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak dimisioa eman du, «autonomia falta nabarmena» argudiatuta. Dimisio horri Cesar Salvador portuko zuzendariarena gehitu behar zaio; uztailaren 17an egindako batzarrean jakinarazi zuen.

Garziandiak ostegun honetan eman du bere erabakiaren berri, gutun baten bidez. 2018ko urtarrilean izendatu zuten portuko agintaritzako buru, eta ordutik bere lana aurrera eramateko «zailtasun asko» izan dituela azpimarratu du; «bereziki, giza baliabideen arloan».

Garziandiak adierazi duenez, langileen egitura «zaharkitu» batekin egin zuen topo, lan hitzarmenetik kanpo zegoena, eta azaldu du horrek lantaldean «doikuntzak» egitera behartu zuela zuzendaritza, «edozein enpresatan bezala».

Jardun «mediatizatua»

Garziandiak salatu du bere jarduna «mediatizatua» egon dela une oro, «politikoki, barrutik eta kanpotik». «Horrek ekarri dit, ikuspegi pertsonaletik, oso eraso desatseginak jasan behar izatea, hala nola existitzen ez den laneko jazarpen baten salaketa, zeinak balio izan duen nire lintxamendu mediatikoa bilatzeko eta nire kaleratzea eskatzeko».

Garziandiaren esanetan, 2018ko urtarrilean agintera iritsi zenean, Pasaiako portua «ia erabateko paralisi» batean zegoen, «kanpo portua eraikitzeari uko egin eta gero eta lonja berria egiteko lanen porrota dela eta». Bi urte eta erdi geroago bere kudeaketak «ageriko emaitzak» eman dituela azpimarratu du. «Funtsezko bi alorretan urratsak egin ditugu: oinarrizko azpiegituretan inbertsioak egin ditugu (kaiak, biltegiak, lonja), eta lortu dugu etorkizuneko proiektu bat definitzea eta martxan jartzea, lehen aldiz urte askotan».

Arazoak arazo, Pasaiako portuak etorkizun handia duela adierazi du, eta berari agindutako hainbat lan amaitu dituela. «Portua birkonfiguratzeko inbertsio plan bat daukagu, balioztatuta eta gauzatzeke. Horrek guztiak portuaren bideragarritasuna bermatu behar du».

%16,9ko erorikoa

Urte hasiera zaila izan du portuak. Espainiako Garraio Ministerioaren arabera –Pasaiako Portuko Agintaritzak ez ditu datuak publiko egiten–, urtarriletik ekainera, salgaien trafikoa %16,9 jaitsi da 2019ko aldi berarekin alderatuta. Bilboko portukoa baino askoz handiagoa ( %6,82) da hori. Erorikoa esanguratsua izan da autoen garraioan (-%31) eta burdina eta txatarrarenean (-%13)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.