Garziandia presidenteak ziklo aldaketa iragarri du Pasaiako Portuan

Esan du portuak «apatia» atzean utziko duela, «negozio berriak» lortuta. Ikusarazi nahi du Pasaia gai dela «garraio sofistikatua» kudeatzeko

Pasaiako Portua gain behera doa. PASAIAKO PORTUKO AGINTZARITZA.
xabier martin
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Pasaiako Portua lozorrotik ateratzeko tenorean dago. Horixe uste du portuko presidente berriak, Felix Garziandiak, eta modu horretan jakinarazi zuen atzo, portuan bertan. Pasaia «apatia» atzean uztera doala esan zuen, eta «ziklo aldaketa» datorrela, Gipuzkoako itsas azpiegitura nagusiak «negozio berriak» lortuko baititu. «Pasaian garraio sofistikatuekin oso ongi lan egin daitekeela erakutsi dute jada» negozio horiek: esaterako, autoen eta kontainerren garraioek.

Gero eta garbiago dago autogintza Pasaiako Portuaren flotagailua izan daitekeela; atzo bertan, Garziandiak garraio horri buruzko jardunaldietan parte hartu zuen, eta alboan eduki zituen Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, babesa ematen. Pasaiak «geroa» baduela helarazi zuten Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak eta Jose Llorca Espainiako Portuen presidenteak .

Presidente berriak Ricardo Peñaren lekukoa hartu ondorengo lehen ekitaldia izan zuen atzokoa, eta UECC Norvegiako enpresari erreparatu zion, «hura delako portuan lan sofistikatua nola egin jakiteko erreferentzia». UECCk Pasaiako ibilgailuen nasa kudeatzen du. «Ikusarazi egin behar dugu Pasaian oso ondo egin daitekeela lan betiko garraioetatik harago, garraio sofistikatuekin»; ro-ro garraioez —auto eta kamioien garraioa— eta kontainerrez aritu zen Garziandia.

Portua, gainbehera handian

Denborak esango du ziklo berria datorren ala ez; oraingoz, Pasaiako Portuaren gainbeherak ez du etenik azken urteetan. 2017. urtean, krisiaren gordinean izandako datuak errepikatu ditu; 2013. urtekoak alegia. 2.974.799 tona mugitu zituen aurreko urtean, 2013ko 2.956.000 tonek jarritako langatik gertu. Hiru milioi tona azpiko jarduera aurkitzeko, 1960ko hamarkadara joan beharra dago. Datu horrek argi islatzen du Pasaiako Portua nola dagoen: %14 jaitsi zen jarduera iaz, eta %9 orain bi urte. 2003tik, soilik hiru urtetan hazi da garraioa portuan: 2010., 2014. eta 2015. urteetan. 2003an, portuak sei milioi tonako garraioa kudeatu zuen, egungoaren bikoitza.

Orain, berriz, portuko presidente berriak esan du badela esperantza. UECC enpresa CAFen bagoiak garraiatzen hasi da Pasaian, Autosky itsasontzian. «Horrelako bezeroak aurkitu behar ditugu», esan zuen Garziandiak. Pasaia txatarrarekin eta burdineriarekin lotutako garraio tradizionalarekin aritu da betidanik , baina horrek jadanik ez du balio portuaren jarduerari eusteko, Zumarragako ArcelorMittal eta beste hainbat lantegiren itxierek eta jarduera jaitsierek erabat baldintzatu dutelako azpiegitura.

Jose Llorca Madrilgo ordezkariak esan zuen Pasaiak autogintzarekin lotu behar duela bere geroa. Egun, 250.000 ibilgailu garraiatzen dira Pasaiatik. Llorcak iragarri zuen argindarraren tarifaren %100eko deskontua izango dela Pasaian aritzen diren ontzientzat, Espainiako Aurrekontu Orokorrek jasotzen dutela neurri hori. Esplikatu zuen ontziak portuetako sarera konektatzeko proiektu pilotua izango dela.

Arantxa Tapiak, berriz, garbi utzi zuen Pasaiako Portua azpiegitura sorta baten zati bat dela, eta haren «leivmotiva industria jarduera» izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.