Hamasei ospitaleratu Angeluko sutearen eraginez

Ehun hektarea inguru erre dira, eta dozenaka lagunek etxetik kanpo pasatu dute gaua.

2020ko uztailaren 31
08:11
Entzun

Angeluko (Lapurdi) Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen atzo arratsaldean, eta, beroaren, lehortearen eta haizearen ondorioz, garrak inguruko etxeetaraino zabalduak ziren atzo iluntzerako, baita ke hodei handiak ere. Suteak basoaren zati handi bat kiskali du, ehun hektarea inguru —beste 65 ere kaltetu ditu—, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren esanetan. Gainera, 11 etxeri kalte egin die suteak; etxe horietatik bost ez-bizigai utzi ditu, eta hiru, arrunt kiskalita. Hamasei lagun ospitaleratu dituzte keak intoxikatuta, baina denak etxean sartu ahal izan dira. Herriko auzapez Claude Oliveren arabera, gaur goizerako kontrolatuta zegoen, baina egoera «zaila» da, etxeetatik hurbil gertatu baita. «Drama bat da», gehitu du.

Sutea ikusi duen auzo batek –anonimotasuna atxiki nahi du— lekukotasuna eman du goiz honetan. «Etxera sartu gara 18:30 inguru, eta urrunetik ke beltza ikusi dugu. Aski ongi ezagutzen dut oihana. Jendea ikara gorrian zen. Batzuek beren familia xerkatzen zuten, pertsona zahar batzuk han bizi baitira». Sua itzaltzeko, bi hegazkin joan-etorrian ibili ziren, baina arratsean auzapezak jakinarazi zuen hegaldiak etengo zituztela, eta suhiltzaileek lurretik ekinen ziotela itzaltzeko lanari. 18:00etarako, ingurua hutsarazten hasiak ziren suhiltzaile eta poliziak, eta Xiberta-Blancpignon auzoko etxeak hustu zituzten ondoren. «Haizea azkartu egin da ukaldi batez, eta Barrako hondartzara buruz hedatu da sua, su bide bat sortuz», azaldu du auzoko biztanleak. Denera, 150 suhiltzaile inguru aritu dira lanean, baita hainbat polizia eta anbulantzietako langile ere. «Suhiltzaile anitz bazen, eta auzoko bizilagunek ere parte hartu dute suaren itzaltzeko lanetan. Sugarrak itzaltzen zituzten, sua ez zedin berriz abia. Auzo batek 4 edo 5 etxe salbatu ditu etxean zuen ureztatze sistemari esker». Lanak ez dira amaitu, kontrolatuta egon arren sua piztuta baitago oraindik. Hala, 20 pertsonako 4 talde ari dira oihaneko hainbat lekutan lanean.

Sutearen eraginez, ehun bizilagun inguru eraikinetatik aterarazi zituzten. Askok herriko gimnasioan pasatu behar izan dute gaua; beste batzuek, Gurutze Gorriak jarritako eremuan. Oraingoz ez dute informaziorik eman sutearen jatorriaren inguruan. Bi fokutan piztu zen sua: lehena, Orok Bat errugbi zelaiaren ondoan, Pignada izeneko baso zatian, eta bigarrena, berriz, Aturri hiribidetik hurbilago. Atzo, Angelun, tenperaturak 41,9°C-raino iritsi ziren. «Mundua berotzen eta erretzen ari da. Gertatu dena ez da harrigarria; aurreikus zitekeen. Aski da ikustea zolaren egoera eta zer lehortea izan den. Berotze globalaren ondorio bat da. Ez da Amazonian, Australian eta Portugalen bakarrik gertatzen halakorik; orain hona ere iritsi zaigu», gehitu du lekukoak.

Sutearen jatorriaren inguruko informaziorik ez dute eman oraingoz. Bi fokutan piztu zen sua: lehena, Orok Bat errugbi zelaiaren ondoan, Pignada izeneko baso zatian, eta bigarrena, berriz, Aturri hiribidetik hurbilago. Atzo, Angelun, tenperaturak 41,9°C-raino iritsi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.