Kontu publikoak

%2,6ko defizit muga adostu dute Jaurlaritzak eta Madrilek

Aldundiek ere aukera izango dute aurten defizita izateko. Iraileko bilera batean finkatuko dute prozedura.

Urkullu, gaurko bileraren aurretik, ezkerretik bigarrena.
Urkullu, gaurko bileraren aurretik, ezkerretik bigarrena. Chema Moya / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko uztailak 31

Hamarren gutxi batzuek egin dute aldea. Ostegunean, Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin bezperan hitzartutako defizitaren muga, BPGaren %2,3koa, ez zitzaion «nahikoa» iruditu Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuari. Haren gobernuak, berriz, %2,6ko muga lotu du Madrilekin, baina beste konpromiso bat ere erdietsi du: aldundiek, «lehen aldiz historian», defizita izateko eskubidea izango dute, zerga bilketaren erorikoak bere aurrekontuetan eragingo duen zuloa zorraren bitartez estali ahal izateko. Azpiazuk nabarmendu zuenez, Iruñeko gobernuaren eskumen propioetako batzuk —errepideak, gizarte laguntzak...—, aldundienak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina  80.000 milioi euro direnez —Eustaten 2019ko datua—, Eusko Jaurlaritzak 1.800 milioi euroren zuloa egin ahal izango du aurten, eta zor merkatuetara edo bankuetara jo beharko du diru hori lortzeko. Azpiazuk uste du horrekin konpentsatu ahal izango duela zerga bilketaren jaitsieraren zatirik handiena.

Lehen aurreikuspenean, ogasunek iaz baino 3.000 milioi gutxiago jasoko zituztela kalkulatu zuten, baina zulo txikiagoa espero dute orain, 2.000 milioi ingurukoa. Gainontzekoa iazko soberakinarekin estaliko du Gasteizko gobernuak, aurreko bi urteak superabitekin amaitzea lortu baitzuen. Madrilen baimenik ez zuenez, superabit horren zatirik handiena zorra txikitzeko baliatu zuen Gasteizek. 2019 amaieran, esaterako, ia 600 milioiren zorra aldez aurretik ordaindu zuen. Horri esker, zorra BPGaren %12,6ra jaitsi zuen Jaurlaritzak; aurten, %15,9ra igo  ahal izango du.

Defizitarekin eta soberakinarekin, gastu publikoari eustea espero du Azpiazuk. «Zerbitzu publikoei eutsi ahal izango diegu, ez ditugu murrizketak egin beharko, eta krisi ekonomikoari behar ditugun baliabideekin egingo diogu aurre». Erabakitakoa izenpetzeko, kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoa elkartuko da iraileko lehen hamabostaldian. Hor erabakiko dute zehazki zer formula baliatu aldundien beharrak betetzeko. Gainera, Madrilek eta Gasteizek hitzartu dute egoera ekonomikoa asko okertuz gero defizit muga berriak finka ditzatela. Konpromiso hori bera lortu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak.

Goi bilera, Urkullurekin

Azken asteetan behin eta berriro eskatu duen defizit muga berria besapean zuela, Iñigo Urkulluk jarrera aldatu du, eta onartu egin du Donemiliaga Kukulara joatea, (Errioxa), autonomia erkidegoetako buruen goi bilerara. Han izan da Txibite ere, baina ez, ordea, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea.

Pedro Sanchezek antolatu zuen bilera, Europako suspertze funtseko diruaren banaketari buruzko irizpide batzuk jakinarazteko presidente autonomikoei. Azken finean, bere eskutik pasatu beharko dutela EBren dirua nahi duten proiektuek, berak gidatuko duelako hainbat ministerioren artean osatuko duten jarraipen batzordea. Elkarlana eskaini die erkidegoei funts horiek kudeatzeko, baina baita enpresa pribatuei ere.

Sanchezek gogorarazi die presidenteei urriaren 15era arteko epea duela Bruselari aurkezteko zer proiektu finantzatu nahi dituen. Printzipioz, 140.000 milioi dagozkio Espainiari, erdia maileguen bidez eta bestea laguntza zuzenaren bitartez. Ekonomia digitalizatzeko eta trantsizio energetikorako planek eramango dute diru gehien.

«Epe estuak» izan arren, Urkulluk agindu du abuztuan lan egingo dutela proiektu batzuk aurkezteko. Txibitek, berriz, iragarri du  dagoeneko badituztela proiektu batzuk.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du agerraldia kontrolpean dagoela.

Kutsatze kopuruen azken datuek gora egin dutela ikusita zientzialariak gaineratu du gaitzak “arazo bat” izaten jarraitzen duela. ©Gorka Rubio / FOKU

Bengoak uste du egoera «larria» dela

Aloña Beraza Peña

Ikuskaritza independente bat eskatu dute gertatu dena ikertzeko, egin diren hutsegiteak berriz ere egin ez daitezen, eta aurrera begira ikasteko.

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan eta Xixilu jatetxean, eta Galdakaoko Muguru tabernan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Gasteizko diskotekan uztailaren 17tik abuztuaren 6ra izan zirenek egin beharko dute testa, eta uztailaren 31tik abuztuaren 4ra jatetxean egondakoek. Galdakaon, tabernan uztailaren 27tik abuztuaren 4ra egon zirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna