Miren Josune Ariztondo Akarregi.
IRITZIA

jmt

2020ko abuztuaren 1a
01:12
Entzun

Joan Mari laguna joan zaigu. Aspaldiko lagun ona, adeitasunez entzun eta egoki erantzuten saiatua, gainontzekoen iritzien errespetu osoan berea maisuki azaltzeaz gain ezjakinari ere begirunez zuzentzen zitzaiona. Berarekin batera joan zaizkigu hitz-aspertu eta eztabaida aberats eta aberasgarrietarako aukera eder batzuk. Hori eta askoz gehiago.

Duela 25 urte hasi eta gaurdaino asko ikasi izan dut Joan Mariren ikuspegi anitzeko jarreretatik: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari egin zizkion ekarpen bikainak sarritan irakurri eta gogoan hartu izan ditut; Euskaldunon Egunkaria-ren egoera eta etorkizunari buruzko eztabaidetan norbanakoenganako errespetua eztabaiden gordinetik salbuesteko zuen dotorezia aparteko lezioa izan da niretzat; Egunkaria-ren itxierarekin baterako atxiloketa eta osteko tortura gaiztoen berri emateko ordu latzean  agertu izan zuen gizatasuna ere, bere gogorrean —egoera halakoxea baitzen— ahaztezina zait; harrezkero, zeharka edota zuzenean egin zitzaizkion babes-eskaintzak aztertu izan zituenean ere, bere barne-askatasuna lehenestea erabaki izan zuen, askatasun horixe baizen beretzat beste gauzen gainetik jagon beharreko ondasuna, duintasunaren oinarri eta euskarri gisa ulertuta.  

Hainbat gara Joan Mariren hutsuneak harrapatu gaituen adiskideak. Hainbat, euskal intelektual handi honekin zorretan  garenak. Joan Mari Torrealdai Nabea XX. eta XXI. mendeak hartzen dituen azken 50 urteetako euskal intelektualik handienetakoa dugu. Euskal gizarteak, euskal unibertsoko komunitateak eta erakundeek halaxe aitortu diote: Lauaxeta eta Manuel Lekuona sariek eta Gipuzkoako Urrezko Domina ongi merezi izanda jasoak dira.
Langile fina izanik, oparoa izan da idazlanetan; hainbat ikerketa eta saio eskaini dizkigu, EUSKAL izenburua dutenak denak. Soziologia, diglosia, historia edota pedagogia izanik lan arloak, intelektual handiei dagokien sakontasuna eta perspektiba anitza izan ditu etxeko markak. Altxor bikaina jaso dugu. Jagotea eta, ahal dugun neurrian, zabaltzea dagokigu.

Handia da joan zaiguna. Zorionez, bere ondarea daukagu, kultur eta gizatiar ondare fina. Zorteko gara. Eskerrik asko, Joan Mari laguna. Adiorik ez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.