Eusko Legebiltzarra

Bakartxo Tejeria aukeratu dute Eusko Legebiltzarreko presidente

Hirugarren legealdia du karguan. Ez da ezusterik izan, eta EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen arteko itunak funtzionatu du.

jarraia185184.jpg
2020ko abuztuaren 3a
07:43
Entzun

Uztailaren 12an egin ziren hauteskundeetatik atera zen Eusko Legebiltzarrak gaur ekin dio hamabigarren legegintzaldiari. Lehenengo saioan, aukeraturiko 75 legebiltzarkideek nork bere aulkia hartu dute, eta gero, Legebiltzarreko Mahaiko bost kideak aukeratzeari ekin diote. Espero bezala, Bakartxo Tejeria jeltzalea aukeratu dute legebiltzarreko presidente berriz ere, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Gainerako legebiltzarkideek boto zuria eman dute. Voxeko Amaia Martinezek ardura guztietarako aurkeztu du bere burua, eta guztietan boto bakarra lortu du, berea alegia.

Mahaiko gainerako kideen hautaketan, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek sinatutako akordioak ez du ezusterako zirrikiturik utzi. Txarli Prieto (PSE-EE) lehenengo presidenteorde izendatu dute, berriro ere EAJren eta PSE-EEren botoei esker, eta bigarren presidenteorde EH Bilduko Eba Blanco hautatu dute, bere taldeko botoei esker.

Idazkariak aukeratzerakoan, EAJ-PSE blokeko lau legebiltzarkidek Elkarrekin Podemosen hautagaiaren alde eman dute botoa, itunean jasota zegoen bezala. Horren ondorioz, Iñigo Iturrate (EAJ) hautatu dute lehen idazkari, eta bigarren idazkaritza Elkarrekin Podemoseko Gustavo Angulorentzat izan da.

Bakatxo Tejeriak, bere lehen hitzaldian, gogora ekarri ditu pandemiak utzitako biktimak, eta adierazi du horren ondorioen kontra borrokatzea «lehentasuna» izango dela hurrengo agintaldian: «Herri honetan bizi diren guztiek aurrera egin ahal izango dutela bermatu behar dugu». Oroitarazi du, era berean, aurten 40 urte betetzen direla Eusko Legebiltzarra eratu zenetik: «Gernikako estatutua onartu eta lau hamarkadatara oraindik osatu gabea da, eta gure autogobernua eguneratu beharra dago», adierazi du.

Tejeriak ezarri du legebiltzarraren hurrengo batzarraren eguna: abuztuaren 6an izango da, eta Bateraezintasunen Batzordea hautatuko dute orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.