Espainia

Juan Carlos Borboikoa Dominikar Errepublikara joan dela zabaldu dute Espainiako komunikabideek

Errege emeritua ezingo lukete Dominikar Errepublikatik Suitzara estraditatu, azken horrek auzipetuko balu. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazi du ez dakiela non dagoen.

Juan Carlos Borboikoa, artxiboko argazki batean Madrilen. /
Juan Carlos Borboikoa, artxiboko argazki batean Madrilen. / Juan Carlos Hidalgo/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2020ko abuztuak 4

Espainiako prentsak ez bezala, nazioartekoak Juan Carlos Borboikoaren ihesaz eta erbesteaz hitz egiten du. Espainiako errege etxeak atzo jakinarazi zuen errege emeritua aurrerantzean Espainiatik kanpo biziko dela, bere «iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakari izaten ari den oihartzun publikoarengatik». Errege etxeak, ordea, ez du zehaztu nora joan den Borboikoa, eta aurreratu du ez duela bidaiari lotutako azalpenik emango, «errege emerituaren erabaki pertsonal bat» delako.

ABC eta La Vanguardia egunkariek aurreratu dutenez, Dominikar Errepublikan dago. Kazetok zabaldutako informazioaren arabera, igandean Felipe Borboikoa semearentzako oharra idatzi ostean Zarzuelatik Sanxexo (Galizia) aldera irten zen, eta handik Portora (Portugal), non Dominikar Errepublikarako hegaldia hartu zuen. Iturri horien arabera, egun Fanjul familiaren jabetza den hotel batean dago Espainiako errege emeritua.

Suitzako eta Espainiako fiskaltzak zenbait ustelkeria kasurengatik ikertzen ari dira Borboikoa, ustez zenbait paradisu fiskaletan zituen funtsengatik. Hain zuzen ere Espainiarekin badu estradizio akordioa Dominikar Errepublikak, baina, hitzarmenaren 10. artikuluaren arabera, ez da inor estraditatuko haren erantzukizun penala amaitu bada, izan karguek preskribatu egin dutelako, izan beste arrazoiren batengatik. Suitzaren kasuan, berriz, zigortutako dominikar edo suitzarrak estraditatzeko aukera soilik aurreikusten du akordioak; beraz, Borboikoari ez lioke eragingo.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ohiko agerraldia egin du gaur, ministro kontseiluaren ostean, eta kazetariek hainbatetan galdetu diote gobernua errege emerituaren erabakiaren jakinaren gainean al zegoen eta zer egiteko izan duen hark herrialdetik alde egin zezan. Sanchezek erantzun du Borboikoarekin izan dituen elkarrizketak «diskretuak» direla, eta ez dituela publiko egingo. Espainiako presidenteak «errespetua» agertu dio errege etxeak hartutako erabakiari, «eman duen mezuarengatik». Sanchezen esanetan, errege etxeak «distantzia» ezarri nahi izan du errege emerituaren jarrerekiko.

Presidenteak nabarmendu du Juan Carlos Borboikoaren erabakiak ez diola eragin behar errege etxeari. «Ez dira erakundeak epaitzen, pertsonak baizik». Espainiako «larrialdi egoerak» erakunde «indartsuak» eskatzen dituela gaineratu du.

Borboikoaren erabakiak Espainiako Gobernuaren aurkako kritikak eragin ditu, ordea, Kongresuan. Ugari izan dira Pedro Sanchezi azalpenak eskatu dizkioten alderdiak, tartean koaliziokide duen Unidas Podemosek. Talde parlamentarioko buru Jaume Asensek «leialtasunik gabe» jokatu izana egotzi dio gobernuburuari, hark errege etxearekin zituen hizketaldien berri eman ez zielako. «Gobernuaren parte baten erabakia izan da. Ez zaigu ezer jakinarazi, eta, beraz, ez gara hartutako erabakien erantzule egingo».

Urrats bat gehiago egin du JxC Junts Per Catalunyako eledun Laura Borrasek, eta Sanchezen eta Carmen Calvo presidenteordearen agerraldia eskatu du. «Gobernuak bat egin du errege etxearekin, eta Borboikoari joaten utzi dio dirua itzularazteko ahaleginik egin gabe. Oso larria da ustez modu ilunean aberastu den errege batek ihes egin izana».

Euskal ordezkaritzak ere kritikatu egin du Espainiako errege emerituaren jarrera. EAJko bozeramaile Aitor Estebanek onartezintzat jo du Espainiatik irten izana: «Harrigarria da zer jarrera hartu duen gobernuak egoera honetan. Ez genuen inondik ere espero bat-batean joatea, inolako azalpenik eman gabe eta gertatutakoari buruzko adierazpenik egin gabe».

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren esanetan, baina, «Felipe VI.a babesteko» joan da Borboikoa Espainiatik, eta nabarmendu du erregimena aldatzea dela orain garrantzitsuena, eta ez errege emerituak ihes egin izana. «Espainiak nahikoa denbora izan du ustelkeria hor zegoela aitortzeko. Francok izendatu zuen Juan Carlos Borboikoa. Hori da dagoen ustelkeriarik handiena». 

Aitonaren bidetik

Espainiako errege emeritua ez da izan ihes egin duen lehen Borboikoa. Haren aitonak, Alfonso XIII.ak, atzerrira joatea erabaki zuen 1931n, II. Errepublika aldarrikatu zenean. Borboikoak apirilaren 14ko gauean egin zuen ihes. Lehenik, autoz, Cartagenaraino, eta ondoren itsasontziz Marseillara, jarraian Parisen aterpe hartzeko.

Haren seme eta Juan Carlos Borboikoaren aita Erroman bizi izan zen, eta 1936an Francisco Francoren indarrei babesa eskaini zien, baina diktadore izango zenak ez zuen boterea beste inorekin partekatzeko asmorik. Hala, Erroman jaio zen Juan Carlos bera ere. Haren aitak ahaleginak eta bi egin zituen Espainiara itzuli ahal izateko, baina ez zuen Francoren onespena lortu. Diktadoreak, aldiz, haren semearen alde egin zuen, eta 1948an Juan Borboikoak eta Francok adostu zuten egun errege emeritua dena Espainiara itzultzea.

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna