Pandemiak desberdintasunak sakondu dituela dio Emakunderen txosten batek

Gizon eta emakumeen osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea azken hilabeteotan nola aldatu diren aztertu du Emakundek. Egoera hobetzeko gomendioak egin dizkie erakundeei.

Maskara jantzitako emakume bat Donostiako autobus geltokian, eskailera mekanikoak jaisten. GORKA RUBIO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 4a
15:53
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakume eta gizonen arteko desberdintasunak pandemia garaian nola aldatu diren ikertu du Emakundek Berdintasuna pandemia garaian txostenean. Eta, hain justu, ondorioztatu du ez dagoela berdintasunik: are, ezberdintasunak handitu egin direla azaleratu du. «Pandemiak eragindako krisi honek ez du eragin bera izan pertsona guztiengan: kalte handiagoak izaten ari da eta izango ditu aurretik zaurgarritasun handiagoko egoeran zeuden pertsonengan». Eta horien artean dira emakumeak.

Bertzeak bertze osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea aztertu ditu Emakundek, eta nabarmendu du arlo horietan guztietan daudela balantzaren azpian emakumeak: «Genero desberdinkeriak azaltzen du talde horien artean emakumeek eta neskek diskriminazioa eta indarkeria jasateko eta beren eskubideak urratzeko arrisku handiagoa dutela».

OSASUNA

Osasunean, erraterako: koronabirusarekin kutsaturiko hamar lagunetik sei emakumeak izan dira. Esposizio handiagoa daukatelako eritasunarekiko: hamar osasun langiletik zortzi emakumeak dira, baita adinekoen egoitzetako langileak ere. Pandemian zehar izandako gainkargaren eta estresaren ondorioz, lau emakumetik batek lo egiteko arazoak dituela azaldu du Emakundek, eta, oro har, osasun emozionalean gehiago eragin diela emakumeei pandemiak.

Gaixotasunak ezberdin eragin die emakume eta gizonei, halere: hilgarritasun tasa, erraterako, handiagoa izan da gizonen artean. Emakundek ohartarazi du genero ikuspegia garrantzitsua dela gaixotasunak ikertzerako garaian. Izan ere, sintoma ezberdinak garatu dituzte gizon eta emakumeek: gizonek joera handiagoa izan dute pneumonia garatzeko, eta emakumeek, aldiz, beherakoa eta gorakoa gehiago izan dituzte, txostenaren arabera.

ZAINTZA LANAK

Konfinamenduan zaintza eremu publiko ugari bertan behera gelditzeak —erraterako, eskolak— emakumeei eragin die bereziki, Emakunderen arabera: «Zaintza berriro ere familiaren ardura bilakatzeak eragin asimetrikoa izan du eta bereziki emakumeei eragin die», azaldu du. Hala, emakumeak ibili dira gehiago haurrei eskolako lanekin laguntzen edota menpekotasuna duten pertsonak zaintzen. Berdintasuneranzko aldaketa ere gertatu da zenbait kasutan: «Gizonek lehen egiten ez zituzten lanak egiteko asmo handiagoa erakutsi dute». Baina Emakundek ohartarazi du horrek ez duela orekatu balantza: «Banaketaren aldaketa ez dago familietan kudeatu behar izan den lan kargaren igoerarekin alderatzerik».

Telelanaren arriskuez ohartarazi du Emakundek, emakumeek gehiago egin baitiote uko soldatapeko lanari «familiako ongizatearen izenean». Aurrerantzean ere gerta daitekeela aurreikusi du Emakundek: «Epe ertain eta luzera soldatarik gabeko zaintza lanak ugaritzea aurreikusten da; hori dela eta, badirudi handia dela emakumeak lan merkatutik ateratzera eta etxera itzultzera bultzatzen dituen arriskua».

ENPLEGUA

Ordaindu gabeko zaintza lanetan bezala, enpleguan ere lehendik zeuden desberdintasunak areagotu direla nabarmendu du Emakundek. Alde batetik, emakumeak nagusi ziren eta «ikusezinak» ziren jarduerak funtsezko bilakatu dira. «Paradoxikoki, lanpostu horietako asko lehenago ikusezinak ziren ia, prestigio baxua zuten eta baldintza prekarizatuetan egiten ziren». Emakumeak nagusi diren bertze sektore batzuetan, berriz, lana galdu dute emakume anitzek: «Presentzia esanguratsua izan dute berrogeialdian egon diren sektore batzuetan (turismoari, ostalaritzari eta txikizkako merkataritzari lotutako jardueretan, nagusiki), eta aldi baterako edo behin betiko lana galtzeko aukera gehiago dituzte».

Txostenak aipamen berezia egin die etxeko langileei, eta ohartarazi du horietako askok lantokian konfinatu behar izan dutela. Emakundek kalkulatzen du, langile horientzat ezohiko laguntza bat onartu bada ere, gutxienez erdiek ez dutela laguntza hori jasoko, «egoera irregularrean egoteagatik».

Langabezia tasa ere handiagoa da emakumeengan gizonezkoengan baino: maiatzean 15 puntukoa zen emakumeena, eta gizonena, aldiz, 11,6koa.

INDARKERIA

Konfinamenduan emakume anitzek beren erasotzaileekin itxi behar izan dutela ohartarazi du Emakundek, eta horrek arriskuan jarri dituela. Eusko Jaurlaritzak biktimen arretarako jarritako telefonoko kontsultak igo egin dira pandemia garaian (%10,5). Era berean, foru aldundiek eskaintzen duten arreta psikologiko espezializatuetan zerbitzuen jarduera «esanguratsua» izan da hilabeteotan, Emakunderen arabera: 5.963 esku hartze egin dituzte, 1.533 kasu aktibori erantzun diete, eta 332 kasu berriren esku hartzea hasi dute.

Salaketa kopuruak behera egin du, baina, Emakunderen ustez, horrek ez du erran nahi indarkeria gutxiago egon denik. «Kontrara, esan nahi du kasu horiek estali egin direla eta emakume erasotuek beste babes estrategia batzuk bilatu dituztela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.