Etxebizitza

Etxebizitzen salerosketa laurden bat jaitsi da aurten

Konfinamenduaren garaian erdira txikitu ziren salerosketak, baina ekainean %15,9koa izan da erorikoa. Bosten bat baizik ez da berria.

Pisu bat salgai Iruñeko Alde Zaharrean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 7a
12:59
Entzun

COVID-19aren pandemiak indartu egin du etxebizitza merkatuaren beherakada, 2019.urtean hasitakoa. 2020aren lehen erdian 10.518 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iazko lehen sei hilabeteetan baino 3.770 gutxiago (-%26,4). Merkatuaren erorikoa koronabirusaren hedapenaren aurrekoa da, baina konfinamenduak eta horrek eragindako krisi ekonomikoak salerosketak amildu dituzte: horrela, otsailera arte %14,4 txikitu ziren salerosketak; martxotik ekainera, berriz, %33.

Etxebizitza merkatuaren zenbakiak eman ditu gaur INE Espainiako estatistika erakundeak. Horietan ikusten denez, itxialdiak ez zituen salerosketak erabat eten, zintzilik zeuden operazio batzuk itxi ahal izan zirelako herritarrek etxean geratu behar izan zuten asteetan ere. Horrela, apirilean 1.224 salerosketa izan ziren, 2019ko apirilean baino %45 gutxiago. Maiatzeko erorikoa antzekoa izan zen (-%52,4), baina ekainean jada krisi aurreko portzentajeetara hurbildu da merkatua, salmentak %15,9 gutxitu baitira.

Gehiago apaldu da bigarren eskuko etxebizitzen salmenta (-%27,2) bizitegi berriena baino (-%22,6). Edonola ere, saldutako etxebizitzen bosten bat baizik ez dira berriak. Oso urrun geratu dira ia-ia erdi eta erdi ziren garaiak, 2008 aurrekoak.

Babestuak, %11,2

Etxebizitza babestuen arloan gobernuek alokairuzkoak hobetsi izanaren ondorioak ere ikusten dira: 2020ko lehen sei hilabeteetan salerositakoen %11,2 baizik ez dira babes ofizialekoak izan. 2008an, %18 ere izan ziren.

Prezioei buruzko informazioa hilabete barru eguneratuko du INEk. Azken datua lehen hiruhilekoarena da, koronabirusaren balizko eraginaren aurrekoa. Horren arabera, etxebizitzak urtebete lehenago baino %3,4 garestiagoak zeuden EAEn, eta %3,2 garestiago Nafarroan. 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero, %2,7 garestitu dira EAEn, eta %1,8, berriz, Nafarroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.