Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko abuztuaren 8a
13:50
Entzun

Aurreko egunarekin alderatuta, positiboek apur bat behera egin dute Hego Euskal Herrian: 46 gutxiago. Gaur bi gobernuek jakinarazi dutenez, azken 24 orduetan 492 positibo izan dira; horietatik 268 Bizkaian izan dira, eta beste 101 Nafarroan. Oraintxe, bi lurralde horietan dago kezka nagusia. Halaber, Araban 61 kasu atzeman dira, eta Gipuzkoan 57 (Jaurlaritzaren arabera, beste lau kasu erkidegotik kanpokoak dira).

Joerak apur bat behera eginagatik, Nafarroan pertsona bat hil da COVID-19aren eraginez. Lurraldean ez zen inor hil uztailaren 15etik. Gainera, ospitaleratze kopurua gorantz doa apurka. Nafarroan bi lagunek jo dute erietxera. Eusko Jaurlaritzak ez du datu hori eman, astelehenean eguneratuko baitu.

Guztira, azken 24 orduetan 7.252 PCR egin dituzte. Hain zuzen ere, atzo deia egin zen uztailaren 28tik abuztuaren 3ra Donostiako Gros auzoko Ramontxu Berri tabernan egon zirenek PCR proba egin dezaten. Osasun Sailaren arabera, Okendo kultur etxean 683 PCR egin ziren, eta hiruk eman dute positibo. Gaur, beste 603 lagunek dute txanda hartua proba egiteko.

Nafarroako Gobernuaren arabera, eskualdeka kasuen %57 Iruñerrian atzeman dituzte, %23 Tutera aldean eta %9 Lizarra inguruetan. Halaber, uztailarekin alderatuta, batez besteko adina handitzen ari da. Uneotan, 39,5 urte da: kasuen %52 14 eta 44 urteko adin tartean daudenenak dira, eta %30 45 eta 75 urte artekoenak. Oraingoz, 75 urtetik gorakoak %5 dira.

Gainera, gaur goizean Galdakaoko osasun etxean probak egiten hasi dira uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Muguru tabernan izan zirenei. 420 laguni egingo diete PCR-a gaur.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.