Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek salaketa jarriko dute gaueko aisialdia mugatzearen aurka

Uste dute «neurrigabea» dela 01:30ean ixteko agindua, eta laguntza ekonomikoak galdegin dituzte.

Neurri bereziak dituen taberna bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko abuztuaren 10a
12:02
Entzun

Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek auzitara jotzea erabaki dute. Orain dela bi aste, Eusko Jaurlaritzak 01:30era mugatu zuen gaueko aisialdiaren ordutegia, eta ostalariek «neurrigabea» dela uste dute. Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kideak adierazi du neurri horrek ez dituztela «ostalarien eskubideak errespetatzen», eta «errentagarritasun guztia» kentzen diela tabernak ordu horietan ixteak.

Ostalariek eskatu dute ordutegiak luzatzeko eta ohiko jardunari bidea zabaltzeko. Betiere, osasun neurriak errespetatuz: maskarak erabiltzea eta tenperatura hartzea. Sanchezek adierazi duenez, ez kutsatzeko neurriak errespetatuko dituzte, baina «laguntza ekonomikoen» edo «erreskate plan» baten beharra dagoela azpimarratu du.

Errekurtsoa gaur eta bihar artean aurkeztuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Elkarteek epaitegiari galdegin diote behin-behineko neurriak hartzea, Jaurlaritzaren agindua bertan behera gera dadin. Izan ere, hala egin du Aragoiko Auzitegiak (Espainia): ostatuak 01:00etan ixteko agindua baliogabetu du, «justifikatu gabe» zegoelakoan eta ondorioak «larriak» liratekeelakoan.

Arabako ostalarien elkarteak adierazi du bat datorrela Gipuzkoako eta Bizkaiko kideekin, baina ez du bat egingo salaketarekin, gaueko aisialdiak ordezkaritza txikia duelako elkartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.