500 positibo baino gehiago atzeman dituzte Euskal Herrian

Bizkaian behera egin dute kasuek: 211 positibo izan dira. Neurriak indartzearen alde agertu dira hiriburuetako alkateak. Ortzaizen, Nafarroa Beherean, hiru pertsonari atzeman diete COVID-19 gaitza.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostiako Okendo kultur etxean, ostiralean. GORKA RUBIO/FOKU
2020ko abuztuaren 10a
13:01
Entzun

Azken egunetako joeran jarraitzen du birusak Hego Euskal Herrian: 499 kasu detektatu dituzte, atzo baino 68 gehiago. Beste egun batez, Bizkaian detektatu dituzte positibo gehien, baina aurreko egunetan baino kutsatze gutxiago izan dira: 211 azken orduetan, eta ostiralean 311 izan ziren. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, kasu gehiago atzeman dituzte. Araban, 75 positibo izan dira, atzo baino 25 gehiago, eta Gipuzkoan 64, atzo baino 21 gehiago. Eusko Jaurlaritzak ere jakinarazi du erkidegotik kanpo hamar kasu atzeman dituztela. Nafarroan, berriz, 146 kasu baieztatu dituzte, aurreko egunean baino 57 gehiago.

Oraintxe bost agerraldi aktibo daude tabernekin lotuta, eta proba masiboak egiten ari dira osasun langileak. Araban, daude horietako hiru. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 142 PCR test egin dituzte azken orduetan Aguraingo Kokolo tabernan izan zirenei eta hiruk positibo eman dute; Gasteizko Kilimanjaro diskotekan izan ziren 27 pertsonei ere egin diete proba eta batek positibo eman du; eta beste 492 test egin dizkiete hiriburuko Xixilu jatetxean egon zirenei eta hamar kasu atzeman dituzte. Donostian ere probak egin dizkiete Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan egon zirenei. Orain arte, 1.431 PCR proba egin dituzte osasun langileek eta 22 kasu atzeman dituzte. Galdakaoko Ospitalean beste 1.161 PCR proba egin dituzte Muguru tabernako bezeroen artean, eta horietatik, sei positibo izan dira.

Hego Euskal Herriko ospitaleetara COVID-19 gaitza duten gero eta eri gehiago sartzen ari dira: oraintxe, 138 pertsona daude erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bereziki igo dira ospitaleratuen kopuruak egun gutxian: ostiralean, 60 pertsona zeuden ospitalean gaitzarengatik, eta orain, 90. Hemeretzi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte azken orduetan, eta hamar pertsona zaintza intentsiboetako unitateetan daude.

Kalea eta sozializazioa, auzitan

Azken asteko datuek neurri zorrotzagoak etorriko diren usteak areagotu ditu. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak larunbatean iragarri zuen bide beretik jarraituz gero neurri zorrotzagoak etorriko direla. Ez da, ordea, neurrien alde agertu den agintari bakarra. Enrique Maia Iruñeko alkateak jakinarazi du pentsatzen ari direla kalearen erabilera mugatzea ekitaldiren bat dagoenean. Bereziki kezkaturik agertu da Maia kalean edanean aritzen direnez. Hain zuzen ere, Udaltzaingoak salaketa jarri die horregatik hiriko 30 pertsonari asteburuan. Alkateak esan du  «gertatu behar ez luketen gauzak" gertatzen direla eta ez dela nahikoa kaleko zurruta 02:00etatik 06:00etara mugatzea. «Neurri irmoagoak» eskatu ditu.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere prest agertu da behar izanez gero neurriak indartzeko,; besteak beste, etxeratze agindua ere aipatu du. COVID-19aren kutsatzeak eteteko arduraz jokatzeko eskatu zuen atzo alkateak, eta gehitu zuen ez duela baztertzen etxeratze agindua ezartzea, «horretarako garaia iritsiko balitz». Urtaranentzat «ongi etorriak eta beharrezkoak» dira osasun egoera normaltzeko harturiko neurri guztiak. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ere izan du hizpide gaitzaren egoera, eta nabarmendu du ez dela inolako bilkura sozialik «sustatu» behar.

Kutsatuak Ortzaizen

Nafarroa Beherean ere kasu batzuk atzeman dituzte, zenbait hedabideren arabera. Hiru pertsonak positibo eman dute Ortzaizen: familiako kideak dira hirurak, eta dantza talde bateko kide dira horietako bi. Hain zuzen ere, kabalkada prestatzen zebilen dantza taldea, eta probak egingo dizkiete lan taldea osatzen duten 60 pertsona ingururi. Positibo eman duten hirurek konfinaturik egon beharko dute, baina dantza taldeko gainerako kideek ez dute bakartzerik egin beharko. Halere, bertan behera utzi dituzte entseguak bi astez, birusaren inkubazio aldia igaro arte.

Euskal Irratiek adierazi dute foku horretan hamar gazte daudela kutsatuta; Ortzaizeko hirurez gain, Landesetako (Okzitania) zazpi ere badaude. Denek festa bat egin zuten elkarrekin, irratiek zabaldutako informazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.