EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio konponbide bat emateko lehen arretako zentroen egoerari

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 12a
12:28
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen arretako zentroak langileen erdiekin eta lanez gainezka dabiltzala salatu dute egunotan: osasun sistema "lehertzeko zorian" dagoela ohartarazi dute hainbat langilek. EH Bilduk bat egin du lehen arretako langileen aldarriekin, eta egoeraz kezkaturik dago: "Osasun sistema publikoa gainezka dago, eta egoerak gaindituta. Eta hori ez da gertatzen Osakidetzako osasun langileen profesionaltasun eta arreta faltagatik", adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak.

Egoera "muturrekoa" da, indar subiranistaren esanetan, eta egoerari erantzun bat emateko ardura egotzi die agintariei. IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio bere eskumenak baliatzeko: "Lanari ekiteko garaia da, aitzakiarik gabe". Izan ere, herritarrek pairatzen dituzte egoeraren ondorioak. Halaber, EH Bilduren ustetan, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea egoerari aurre egiteko. Horregatik, eragile sozial, ekonomiko eta sozial guztiekin bildu beharra nabarmendu du beste behin ere. "Bakoitzak bere lekutik eta dituen erantzukizunetatik, baina guztiok egin dezakegu ekarpena egoera honetan".

Adierazi du ezegonkortasuna eta segurtasun falta direla nagusi, eta neurri "argiak, zentzuzkoak, eraginkorrak eta koherenteak" eskatu ditu. Pedagogian sakondu beharra dagoela ere aldarrikatu du indar subiranistak: "Pedagogia behar dugu, gizarteak ondo uler dezan zer gertatzen ari den, egoeraren kontzientzia hartu eta egoeraren ardura ere era indibidual eta kolektiboan bereganatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.