ESPAINIA

Juan Carlos Borboikoa Arabiar Emirerri Batuetan dago

Espainiako errege emerituak abuztuaren 3an alde egin zuen Espainiatik. Errege etxeak berak jakinarazi du Juan Carlos Borboikoa non dagoen.

Juan Carlos Borboikoa, artxiboko irudi batean. NIC BOTHMA / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 17a
16:07
Entzun

Espainiako errege etxeak abuztuaren 3an jakinarazi zuen errege emeritua Espainiatik kanpo biziko zela, bere "iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakari" izaten ari ziren oihartzun publikoarengatik. Errege etxeak azaldu duenez, «Juan Carlos erregeak Errege etxeari adierazi dio abuztuaren 3an Arabiar Emirerri Batuetara joan zela eta bertan jarraitzen duela gaur egun".

Errege emerituaren erabakiaren berri eman zutenetik, inork ez du azalpenik eman Juan Carlos Borboikoaren kokalekuaren inguruan; errege etxeak jakinarazi zuen ez zuela bidaiari buruzko azalpenik emango, «errege emerituaren erabaki pertsonal bat» zelako. Hala ere, Espainiako komunikabideek zabaldu zuten Dominikar Errepublikara joan zela.

Suitzako eta Espainiako fiskaltzak zenbait ustelkeria kasurengatik ikertzen ari dira Borboikoa, ustez zenbait paradisu fiskaletan zituen funtsengatik. Suitzako Polizia Judizialeko agenteak, fiskaltzaren aginduetara, Arturo Fasanaren funts gestoriara sartu ziren, eta herrialde hartako bankuetan kontuak irekita zeuzkaten bi fundazio aurkitu zituzten. Suitzako fiskaltzak kontu guztiak enbargatu zituen, eta auzi bat ireki zuen, sekretupean, diru zuritzeagatik. Oraintxe Espainiako errege emeritua ez dago ikerketapean.

Suitzak Espainiako fiskaltzari emaniko datuak kontuan izanik, estatuko fiskal nagusi Dolores Delgadok Auzitegi Gorenaren esku utzi zuen kasuaren ikerketa. Hura da Juan Carlos Borboikoa epaitu dezaken auzitegi bakarra. Orain ikertzen ari direna da ea errege emerituak abdikatu eta gero deliturik —diru zuriketa eta delitu fiskalak— egin izanaren zantzurik baden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.