Zinemaldia

'Arzak Since 1897' filmak irekiko du aurtengo Culinary Zinema saila

Lau ekoizpenek osatuko dute zinema eta gastronomia lotzen dituen atala, eta film guztiak estreinakoz ikusi ahalko dira nazioartean.

'Arzak Since 1897' dokumentalaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2020ko abuztuaren 25a
13:28
Entzun

Donostiako Zinemaldiak Culinary Zinema saila osatuko duten filmen berri eman du goizean. Guztira, lau ekoizpen erakutsiko dituzte, eta nazioartean lehen aldiz ikusi ahal izango dira. Arzak Since 1897 filmak irekiko du saila. Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) Arzak jatetxeari buruz egindako dokumentala da. Juan Mari eta Elena Arzak ditu protagonista, eta jatetxeak egindako aldaketak eta urteetan izandako bilakaera azaltzen ditu. Altunak behin baino gehiagotan hartu du parte jaialdian: 2015ean, Sail Ofizialean aritu zen lehian Amama filmarekin; 2011n, Bertsolari lehiaketaz kanpo aurkeztu zuen, Zuzendari Berriak sailean; eta Euskal Zinemaren Galan, Aupa, Etxebeste! eta Agur, Etxebeste! aurkeztu zituen, Telmo Esnalekin batera.

Angel Parrak (Madril, 1978) Camí lliure filma aurkeztuko du sail berean. Drogarekin mendekotasun arazoak izan zituen Raul Balam sukaldariaren istorioa kontatzen du lanak. Protagonistak, bere ama Carme Ruscalledaren jatetxe ospetsua zuzentzeko eskaintzari uko egin, eta bere bide propioa egitea erabakiko du. Parrak badu eskarmentua gastronomiari buruzko zineman; izan ere, 2017an, Soul zuzendu zuen, Eneko Atxa eta Jino Ono sukaldariei buruzko dokumentala.

Carlos Bernacerren (Palma, Herrialde Katalanak, 1978) La receta del equilibrio filma ere erakutsiko da Culinary Zinema sailean. Ricard Camarena sukaldaria du protagonista pelikulak, eta berrogeialdiaren ondoren sukaldariak bere jatetxeak berriro irekitzeko izandako erronka azaltzen du. Sailean ikusi ahalko den beste lana, berriz, Michael Dweckek (Brooklyn, Amerikako Estatu Batuak, 1957) eta Gregory Kershawek (Utica, Amerikako Estatu Batuak, 1977) zuzendutako The Truffle Hunters filma izango da. Sundance zinema jaialdian estreinatu zuten, eta Cannesko jaialdirako hautatua izan zen. Piemonteko (Italia) basoetan dagoen trufa preziatu baten bila dabiltzan 80 urteko gizon batzuen istorioa kontatzen du pelikulak.

Lau film horiez gain, afari tematikoak ere egingo dira aurten ere Culinary Zinema sailean. Basque Culinary Centerren izango dira, irailaren 21etik 24ra bitartean. Arzak Since 1897 filmari buruzkoa izango da lehen afariko solasaldia, eta jatetxean lan egin duten zazpi sukaldarik hartuko dute parte; hilaren 22an, Ricard Camarena sukaldaria izango da; hurrengo egunean, trufa oinarri duen afari berezi bat egingo dute zenbait jatetxetako sukaldariek; eta, azkenik, sailari itxiera emateko afarian, Raul Balam Camí lliure filmeko protagonista izango da.

 Dime quién soy telesaila Movistar+ galan

Dime quién soy ekoizpenaren nazioarteko estreinaldia ere egingo da Zinemaldian. Julia Navarro idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako lana da, eta XX. mendeko ohitura sozialak hautsi, eta abenturaz beteriko bizitzari heltzen dion emakume baten istorioa kontatzen du. Eduard Cortesek (Bartzelona, 1969) zuzendu du telesaila, eta Irene Escolar, Oriol Pla eta Pablo Derqui aktoreek hartu dute parte, besteak beste. Aurkezpena irailaren 21ean egingo da, Viktoria Eugenia antzokian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.