Berlinalek ez du genero bereizketarik egingo sarietan

Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak datorren ediziotik aurrera Zilarrezko Hartz bana emango die aktorerik onenari eta taldeko aktorerik onenari.

Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldia, otsailean. CLEMENS BILAN / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 27a
13:29
Entzun

Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak jakitera eman duenez, datorren urtetik aurrera interpretaziorik onenaren sari bakarra emango du, genero bereizketarik egin gabe. Orain arte gizonezko aktorerik onenaren eta emakumezko aktorerik onenaren sariak ematen ziren, baina, datorren ediziotik aurrera, interpretaziorik onena saritzeko Zilarrezko Hartz bat emango zaio aktoreri onenari, eta Zilarrezko beste Hartz bat taldeko aktorerik onenari.

Carlos Chatrian eta Mariette Riessenbeck zinemaldiko zuzendariek adierazi dutenez, «sariak generoaren arabera ez banatzea, hain zuzen, zinemaren industrian generoari ematen zaion trataeraren inguruan kontzientzia handiagoa izatearen seinale da».

Sari banaketan egingo den aldaketaz gain, hurrengo edizioan hartuko diren beste neurri batzuk azaldu dituzte zuzendariek. Izan ere, 71. edizioa aurrez aurrekoa izango dela baieztatu dute, eta COVID-19a dela eta, une horretan aplikatu beharreko arau eta baldintzen arabera egingo da, «gonbidatu guztientzat ahalik eta segurtasun handiena bermatuz». Antolatzaileen arabera, «datozen asteetan» zehaztuko dira jaialdiaren egituran izango diren doikuntzak, filmen programazioa eta gonbidatutako filmen kopurua.

Hala ere, zenbait erabaki jakinarazi dituzte dagoeneko. Esate baterako, gazteentzako eta haurrentzako zinemaren sailean film luzeak baino ez dira aurkeztuko —aurreko edizioetan film laburrak ere aurkezten ziren—; eta horrela, film kopurua murriztuko da.

European Film Market (EFM) merkatu tradizionalean ere aldaketak ezarriko direla adierazi dute: «Eredu hibrido batean» egingo da, aurkezpen fisiko eta birtualak uztartuz. Berlinale jaialdia eta EFM merkatua 2021eko otsailaren 11tik 21era bitartean izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.