1936ko gerrako granada bat eta pistola bat atzeman dituzte Mendigorrian
Granada duela 80 urte ingurukoa da, eta pistola, berriz, duela 90 urtekoa. Lizarragan, gainera, 40-50 urte inguru dituen jaurtigai bat atzeman dute.

Pertsona batek eskuko granada bat eta pistola bat aurkitu ditu bere eraikinaren etxabean, Mendigorrian (Nafarroa). Etxebizitza berregokitzeko eta birgaitzeko lanak egiten ari zela atzeman ditu armak. Guardia Zibilaren Lehergailuak Indargabetzeko Espezialisten Taldeak (GEDEX) jakinarazi duenez, aurkitu duten esku granada duela 80 urte ingurukoa da, eta 1936ko gerran asko erabili zen.
Eraikin berean aurkitutako pistola, berriz, 7,65 milimetroko kalibre txikikoa da, 90 urte inguruko antzinatasuna duena. Poliziak adierazi duenez, armak leku seguru batean suntsitu dituzte, modu kontrolatuan.
Jaurtigai bat Lizarragan
Beste pertsona batek lehergailu bat aurkitu du Lizarragan (Nafarroa). Jaurtigaia bere jabetzako estalpe batean garbiketa lanak egiten ari zela atzeman du. GEDEX taldeak baieztatu duenez, 40 milimetroko kalibreko fusil granada bat da, oxidazio egoera aurreratuan. Lehergailuak 40-50 urte inguru zituen, eta agenteek adierazi dutenez, suntsitu egin dute.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.