Futbola

David Silvak positibo eman du, Realak fitxatu berritan

Aurrelari kanariarrak txuri-urdinekin aritzeko «ilusio handia» duela esan du. Garaikurrak lortzeko lehia eta Europa» jo ditu helburu nagusi gisa.

David Silva Realeko kamiseta jantzita. REALA
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 31
16:06
Entzun

David Silvak (Arguineguin, Kanaria uharteak, 1986) bi urterako kontratua sinatu du Realarekin, 2022ko sasoi amaiera artekoa. Klubak gaur goizean aurkeztu du jokalaria, eta ordu batzuk geroago eman du harekin lotutako eguneko bigarren berria: Silvak positibo eman du koronabirusean, eta bakartuta egongo da hamabost egunez. Orduan hasiko da haren kide berriekin batera entrenatzen. Gaur jantzi du estreinako aldiz Realaren elastiko txuri-urdina, eta hurrengo bi sasoietan etxe izango duen estadioan lehen ostikadak eman zizkion baloi bati. Ingalaterran osatutako ibilbide oparoari segida eman nahi diola adierazi zuen: «Asko irabazteko aukera izan dut nire ibilbidean, eta horretan saiatuko naiz hemen ere».

Realean aritzeak «ilusioa» sortu dio Silvari, eta «eskertua» agertu da jendeak egin dion harrerarengatik: «Maitasun keinu asko egin dizkidate. Hasteko irrikaz nago, taldekideak eta gainontzeko lagunak ezagutzeko gogoz».

Donostian «urte onak igaro» eta klubaren proiektuari bere aletxoa jartzeko prest agertu da Silva. Kanariarraren arabera, zenbait faktorek eragin dute hura Realera heltzea. Txuri-urdinen joko estiloa jarri du horren adibide: «Realaren jokatzeko modua egokia da niretzat».

Datorren sasoia ez da Silvak Euskal Herrian egingo duen lehendabizikoa. Orain hamabost urte, Eibarren aritu zen, utzita, eta orduan izandako bizipenek Realaren eskaintza onartzera bultzatu dute kanariarra. Silvak azaldu duenez, «arlo pertsonalak ere pisua izan du. Euskal Herrian bizi izan nintzenean oso gustura egon nintzen jendearekin eta, orain, familiarekin, itzultzea erabaki dut».

Silvak Ingalaterrako ligan egin ditu azken hamar urteak. Txapelketa «lehiakorra» da, eta bera ere halakoxea dela uste du. Hargatik, «garaikurren borrokan» segitu ahal izatea eta «Europan segitzea» ezarri ditu helburu gisa. 

Akordio «azkar» bat

Realak Silva fitxatzea ustekabea izan zen zaleentzat. Baita jokalariarentzat ere, hein batean; Silvak atzoko prentsa agerraldian adierazi zuenez, «ezusteko atsegin bat» izan zen Donostiako klubaren eskaintza. Bi aldeek «azkar» itxi zuten tratua, Silvaren esanetan: «Badakit kluba gauzak ondo egiten ari dela, eta oso ongi aritzen dira futbolean».

Alde horretatik, azken urteetan futbolaren gorengo mailan eskaini duen mailari eutsi nahi dio Donostian: «Jokalari garrantzitsua izan nahi dut, eta gazteei ahalik eta gehien lagundu nahi diet. Nire esperientzia gehitu nahi diot taldeari».

Izan ere, azken bi hamarkadetan ibilbide oparoa osatu du 34 urteko futbolariak. Manchester Cityn osatu dituen denboraldietan hamalau garaikur eskuratu ditu urdinekin. Horrez gain, Valentziarekin irabazitako Espainiako Kopa bat eta Espainiako selekzioarekin lortutako bi Eurokopak eta Munduko Txapelketa batek osatzen dute haren sari zerrenda luzea.

Realean «eskertuta» daude maila horretako jokalari batek txuri-urdinen eskaintza onartu duelako: «Haren ibilbideari erreparatzea nahikoa da jakiteko zer-nolako fitxaketa egin dugun», esan zuen atzo Angel Oiarzun Realeko presidenteordeak. Jokin Aperribairen tokia hartu zuen atzo Oiartzunek, agintari nagusia etxeko itxialdian baita: «Talde asko zituen atzetik, eta guregana etorri da, beste eskaintzak alboratuta. Ongi etorri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.