Gizartea

Gasteizko kirol jardueretako begiraleek eta sorosleek greba mugagabea hasiko dute

Gaurtik aurrera egingo dute lanuztea. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute .

Abuztuaren 10ean protesta egin zuten langileek, Gamarran. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 1a
10:49
Entzun

Gasteizko kirol jardueren sektoreko langileek greba mugagabea hasiko dute gaurtik aurrera, enpresa esleipendunen eta langileen ordezkarien artean akordiorik ez dutelako lortu. Greba deialdiaren ondorioz, Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxi beharko dituzte, baita gizarte etxeetako ikastaro batzuk bertan behera utzi ere.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gasteizko Udalari aurpegiratu diote lan gatazka konpontzeko borondaterik ez izatea. Salatu dutenez, Gasteizko Udaleko Kirol Sailak konpromisoa hartua zuen gatazkan bitartekari lanak egiteko;  besteak beste, igerilekuak ireki eta ixteko protokolo bat eskatzeko, instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera. Kirol programazioaren ikastaroen eskaintza handitzeko ere, ekarpenak jasotzeko prest agertu zen udala. Haatik, azken egunetako bilerak «etsigarriak» izan direla azaldu dute langileen ordezkariek. «Ez daude prest igerilekuak behar bezala ireki eta ixteko behar den denboran minutu bakar bat ere beren gain hartzeko». Kirol begiraleek, berriz, salatu dute udalak ez diela kasurik egin kirol jardueren programazioaren ikastaroak hobetzeko egindako proposamenei.

Begiraleek eta sorosleek azpimarratu dute borondatea dutela lan gatazka konpontzeko, eta horren erakusle izan zela abuztuaren 10etik egiten ari ziren lanuzteak bertan behera utzi izana. «Hala ere, ikusten ari gara konpromisoak ez direla betetzen ari, eta enpresak eta udala pilota elkarri botatzen ari direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.