Langabezia

Ohi baino enplegu gutxiago galdu dira abuztuan, krisiagatik sortu ez zirelako

Uztailean baino bi mila langabe gehiago daude enplegu bulegoetan, eta jada 185.000etik gora dira. Beste 16.000 langile atera dira aldi baterako enplegu erregulaziotik

Lanbideren bulego bat, Barakaldon, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 2a
10:33
Entzun

Uztaileko etenaren ondoren, berriro ere gora egiten hasi da langabezia, eta behera enplegua. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak emandako datuen arabera, abuztuaren amaieran 185.420 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta enplegu bulegoetan. Uztailaren amaieran baino 2.012 gehiago dira, eta iazko abuztuan baino 35.819 gehiago.

Lurraldez lurralde alde handia dago Nafarroaren eta beste lurraldeen artean. Nafarroan, behera egin du langabe kopuruak (-1.078), eta gora egin du, berriz, Bizkaian (+1.508), Araban (+823) eta Gipuzkoan (+759). Datu horiek islada izan dute gobernuen balorazioan. «Zuhur, baina pixka bat baikor» dagoela adierazi du Javier Remirez Nafarroako lehendakariordeak, ikusten baitu ekonomiaren supertzeak ez duela etenik. Jaurlaritzak, berriz, kezka bizia adierazi du hiru sektoreren inguruan —ostalaritza, merkataritza eta hezkuntza—, haiek direlako enplegu gehien galdu dutenak eta, koronabirus kasuen ugaltzearen ondorioz, haiek dutelako enplegua berreskuratzeko aukerarik txikiena.

Langabezia gutxiago hazi da

Abuztua ez da hilabete ona izaten enpleguarentzat, udako aldi baterako enplegu asko hilabetearen amaieran amaitzen direlako. Are gehiago, aurtengo abuztua azken lau urteetako onena izan da; iaz, koronabirusaren agerraldiaren aurretik, 3.075 langabe gehiago batu zituen abuztuak. Hori bai, orain argudia daiteke enplegurik ez dela desagertu ez delako aurretik sortu.

Sektoreka, behera egin du nekazaritzan, Nafarroa hegoaldean bereziki zenbait uzta biltzeko garaia dela eta. Gora egin du beste sektore guztietan, baina, bereziki, aurretik enplegurik ez zutenen artean (+731). Uler daiteke gazte askok ez dutela sasoirako enplegurik aurkitu, eta langabezian erregistratu direla. Baieztapen hori indartzen du beste datu batek: aurtengo abuztuan iazkoan baino 27.000 kontratu gutxiago sinatu dira. Lanbideren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan,

Ildo horretatik, LABek ohartarazi du orain enplegu finkoa txikitzen ari dela. «Osasun krisialdia hasi eta lehen hilabeteetan galdutako enpleguaren %90 baino gehiago zen aldi baterako. Orain, %70 baino gehiago da. Datu horrek erakusten digu lehen hilabeteetan inolako kosturik gabeko enplegua galdu zela, behin-behinekoa, baina dagoeneko enplegu egonkorra ere galtzen hasi dela». Horrela, azken asteetan gauzatu diren industria sektoreko kaleratzeei —Siemens Gamesa—, gehi dakizkieke Alestisek, Tubacexek, Aernnovak, ITPk eta beste batzuek iragarritakoak.

Langabeen %55,5 dira emakumeak, eta %44,5 gizonak. Portzentaje horiek nahiko egonkorrak izan dira azken hilabeteetan; are gehiago, duela urtebete handiagoa zen andrazko langabeen kopurua, %58tik gorakoa.

1.600 afiliatu gutxiago

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, behera egin du abuztuan ere. Batez beste, 1.233.125 lagunek ordaindu dute kotizazioa hilabete horretan, uztailean baino 1.624 gutxiagok. Jaitsiera da, baina ohikoa baino askoz txikiagoa: azken bi urteetan, adibidez,  13.500 lanposturen bueltan desagertu dira abuztuan.

Zertara dator alde handi hori? Bada, enplegu gehien sortu ohi den hilabeteetan enplegu andana suntsitu dela, eta, ondorioz, orain sasoikako kontratu gutxi amaitu eta hautsi direla. Horrela, martxotik ekainera 38.700 afiliatu galdu ditu aurten sistemak; iaz, urte arruntago batean, berriz, 25.000 irabazi zituen.

Nestor Arana Lanbideko zerbitzu orokorretako zuzendariak emandako datu batzuetan ikus daiteke joera hori: ostalaritzan %62,3 jaitsi dira kontratazioak bere eremuan,  eta %61 aisialdiarekin lotutako jardueretan (begiraleak eta halakoak).

Azken urtean, 20.800 afiliatu galdu ditu sistemak. Ohi bezala, abuztuan ugaritu egin dira nekazarien atalean kotizatzen dutenak (+552). Urritu egin dira, berriz, etxeko langileak (-65), itsasoko langileak (-75), autonomoak (-292) eta, batez ere, erregimen orokorrekoak (-1.259).

16.000 gutxiago erregulazioan

Lanik gabe daudenei batu behar zaizkie aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak. Haien kopurua jaisten doa hilabetez hilabete. Uztailaren amaieran 50.676 langile zeuden egoera horretan, eta 34.925, aldiz, abuztuaren bukaeran. Hau da, 16.000 langile atera direla erregulaziotik. 230.000 izatera iritsi ziren, apirilean. Ikusteko dago orain zer gertatuko den, ostalaritzak segurtasun kontuengatik dituen mugek —gaueko tabernak itxita daude, eta egunekoek bezero gutxiago har ditzakete—, eragin dezaketelako sektore horretako erregulazioak berriro handitzen hastea.

Industrian, berriz, erregulazioan egondako hamar langiletik bederatzi jada lanean itzuli direla nabarmendu du Jaurlaritzak.

Langabezia sari gutxiago

Uztailean 94.000 langilek jaso zuten langabezia sari arrunta, hau da, langabe erregistratuen %51,2k. Baina datu horrek ez du langabezia sariaren benetako estaldura erakusten, sari hori jasotzen dutelako aldi baterako enplegu erregulazioan daudenek ere. Horrek azaltzen du ekainetik uztailera ia 60.000 lagunek galdu izana saria —erregulaziotik atera ziren gehienak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.